Kontzertu polita, intimo eta bildua eskaini zuen joan den igandean Gure Txoko euskal etxe Valladolidekoan Napoka Iria bikote gipuzkoarrak. Bisita eta emanaldia, Miren Narbaiza eta Ander Mujikak adostutako egunpasa izan zen, hiri gaztelarreko euskaldunekin partekatua eta elkarren berri sakonagoa izateko balio izan zuena. Musikariak zein bildutako publikoa --aretoa beterik, ziento erdi bat pertsona-- gustura atera ziren esperientziarekin.
Valladolid, Espainia. Euskal Herri barne zein kanpoan egin ohi dituzten emanaldi eta kontzertuen artean, Napoka Iria osatzen duten Miren Narbaiza eibartarra (gitarra akustikoa eta ahotsa) eta Ander Mujika elgoibartarra (gitarra elektrikoa eta lap steel) Valladolidera heldu ziren joan den igandean eta bertako Gure Txoko Euskal Etxean jo zuten, giro eta testuinguru abegikor eta entzuteko prest eta interesatu batean.
Jende gehienak ez zituen aldez aurretik ezagutzen baina Youtubeko bideoak erreferetzia hartuta, talde polita bildu zen euskal etxera. Izan ere, egunpasa izan zen bikoteak Valladoliden egin zuena, igande eguerdian lagun-giroko bazkaria egin baitzuten lehenik, euren eta bertako jendearen arteko elkarren berri izateari aukera emanez eta elkarri galderak luzatuz musikariei euren lanaz eta bertako bazkideei bertako euskal etxeaz, hiriaz eta bizimoduaz.
Segidan, arratsaldeko bostak-edo zirela, eman zitzaion bidea emanaldiari. Bazkariak hogeita hamabost bat jende bildu bazituen, kontzertuak aretoa betetzea lortu zuen, ziento erdi bat pertsona, isiltasun handian segitzeko kontzertua, eta ongi txalotzeko kantuen ondotik.
Napoka Iria-ko bi kideek, 2005ean hasi zutela euren ibilbidea aipatu zuten eta aurreneko diskoko baina baita ere 2013an kaleratutako 'Arnasten ikasteko berriz' izenekoari zegozkion kantuak eskaini zituzten. Jendearen txaloak eurenganatu zituzten eta, EuskalKultura.com-ek bertan egon zirenek esanda jakin duenez, publikoa gustura geratu zen emanaldiarekin, "jendea eta baita musikariak ere", esan digute, "izan ere, arratsalde polita pasatu genuen, eta zuzenean Youtuben baino hobeto ematen dute(la)", adierazi digu publikoan zeudenetako pare batek.
Anfitrioi abegikorrak izanez, euskal etxeko kideak Valladolideko gauza tipikoak erakutsi eta dastarazi nahi izan zizkieten taldekideei eta afaldurik, bertan lo eginda, astelehenean itzuli dira Napoka Iriakoak Euskal Herrira.