euskal diaspora eta kultura
2011/12/30
PUBLIZITATEA
Chascomus, Argentina. EuskalKultura.com-eko lanak aurtengoz ixteko instantea ari ginela, beste bi euskal etxek 2011 urte zaharra despeditzeko antolatutako ekitaldien berri heldu zaigu. Buenos Aires probintziako Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxearen kasuan, Olentzerok bertara egindako bisita eta bertako haur eta helduek emandako harrera aipatzen du gehienbat, tartean eguna burutzeko Mikel Laboaren musika lagun jaurtikitako suziri sorta ederra ere aipagai.
Olentzeroren harrera abuenduaren 23an egin da euskal etxearen egoitzan, haurrak, gurasoak, aiton-amonak eta gainerako lagunak partaide. Ikazkin euskalduna heldu aurretik, haurrek marrazkiak marraztu zituzten, gero berari opari gisa emateko, eta Maria Laura Egurenek Olentzeroren kondaira kontatuz erakarri zuen haurren interesa. Julieta Labordek eta Santiago Martinez D'Aurok egin zuten Olentzero eta Mari Domingirena.
Suziriak eta Udaleku 2012
Ondoren, zenbait bizkarreko-zorro zozketatu ziren eta eguna Mikel Laboaren erritmoak segituz jaurtikitako suziri sorta batekin bukatu zen.
Geroago, azken astearte honeta, abenduaren 27an, Euskal Etxeko zuzendariak bisita luzatu zuten Udaletxera, bertako zenbait kargudunekin biltzeko. Euskal Etxetik gogora ekarri nahi dute datorren astean, urtarrilaren 4ean, hasiko dela herrian 2012ko euskal Udaleku, eta horretarako propio etorriko direla Euskal Herritik, Gipuzkoatik hain zuzen, lau begirale, Chascomusekoekin batera Udalekuren ardura hartzeko.
Abeslari eta dantzari txiki eta helduak Villa Mercedesen
Bestalde, San Luis probintziako Villa Mercedenen ere ekitaldi bereziak egin dituzte urteari amaiera egokia eta publikoa emateko. Abenduaren 9an, ekitaldi bat egin zen herriko euskal egoitzan, dantza kantua eta pintua uztartuz. Euskal Etxeko txikien korala aritu zen lehenik, Claudia Quattrocchio eta Daisy Cabeytú zuzendari, kantatuz besteak beste Txoria txori eta Gernikako Arbola.
Ondoren dantzari txiki eta helduen txanda heldu zen, Maria Sonia Rodriguez Mendoza zuzendari. Agertokia edo kantatzeko ingurua, pinturari lotua zen, kolorea eta irudimena nagusi.
Camerata de Luna
Eta urtea zinez bukatzeko, Juan Esnaola Rouan buru duen euskal etxeak eta euskal etxeari atxikitutako Camerata de Luna abesbatzak, azken hau Francisco Mensa zuzendari, zenbait Eguberri Kontzertu bildu zituen egitasmoa prestatu zuen San Luis probintziako zenbait hiri eta lekuetan. Partaideak, berrogei bat, musikariak eta kantariak barne.
Eskainitako pieza Ariel Ramirez maisuaren Misa Criolla y Navidad Nuestra izan zen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus