euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Konstanz Unibertsitatean egin berri den sinposioak euskal kulturaz eta gatazkak aritzeko foroa eskaini du

2012/02/16

Euskal gatazkak literaturan izan duen isla aztertu zuten idazleek sinposiaren azken saioan (argazkia Etxepare)
Euskal gatazkak literaturan izan duen isla aztertu zuten idazleek sinposiaren azken saioan (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Pozik agertu dira Konstanz Unibertsitatea eta Etxepare Euskal Institutua zentro alemaniarrean bukatu berria den 'Euskal kultura eta gatazka politikoa' sinposioaren emaitzarekin. Literatura, hizkuntzalaritza eta historia bezalako arloetatik abiatuta, topaketa biolentziaren amaierari eta gaur egungo euskal egoerari buruzko hausnarketa egiteko foro bikaina izan da. Blanca Urgell Kultura sailburua eta Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria Konstanz-en izan ziren asteartean eta sinposioaren bigarren saioan parte hartu zuten, astelehenean Berlinaleko Euskal Egunean izan eta gero.

Konstanz, Alemania. Konstanz hirian egin berri den sinposioaren balioespen baikorra egiten dute antolatzaileek, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez. Iragan astelehenean eta asteartean egin zen mintegia eta euskal zein nazioarteko arlo desberdinetako adituek parte hartu zuten bertan. Antolatzaileak preseski, pozik agertu dira euskal kulturari buruzko hausnarketa anitzak egin zirelako bertan eta harrera ona jaso dutelako.

Lehen saioan, literatura, zinea eta argazkilaritzaren ikuspuntutik aztertu zuten gaia Konstanz Unibertsitateko Daniela Bilster, Franziska Bichtele eta Pere Joan Tousek eta UPV/EHU-ko Mikel Ayerbe eta Izaro Arroitiak, Etxepare Euskal Institutuko Mari Jose Olaziregirekin batera. Ondoren, hizkuntza ezberdinen kontaktuari buruz jardun ziren Konstanz Universität-eko Janinia Hönl, Thomas Bergholz eta Sophia Buluta eta UPV/EHU-ko Juan Ramón Uriarte, Maitena Etxebarria, Marijo Ezeizabarrena eta Maialen Iraolak. Saioari bukaera emateko, Ruper Ordorika kantariak kontzertua eman zuen unibertsitateko Theaterwerkstatt gunean.

Asteartean UNED-eko Juan Aranzadi eta UPV/EHU-ko Jesús Casquete eta Francisco Letamendiak bakarko mintzaldiak eskaini zituzten eta ondoren mahainguru batean biolentziaren amaieraren gainean jardun zuten. Gonzalo Alvarez Chillida historialariak moderatu zuen solasaldia.

Arratsaldeko saioa Itziar Idiazabal hizkuntzalariak eta Imanol Murua kazetariak ireki zuten, eta ondoren Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano eta Iban Zaldua idazleek euskal literatura eta oroimen kulturalari buruzko hausnarketa egin zuten. Sinposioari bukaera eman ere, eurek eman zieten, adostasun soziala lortzen lagun dezakeen oroimen kulturala osatzen ari diren egungo literatura-testuen irakurketarekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia