euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Konlusio dokumentua irakurtzearekin gaur goizean amaituko da Bilbon Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarra

2007/07/13

Biltzarreko jardunaldi bat (argazkia BasqueHeritage.com)
Biltzarreko jardunaldi bat (argazkia BasqueHeritage.com)

PUBLIZITATEA

Aste osoko saioei amaiera emanez, gaur goizean bukatuko da Bilboko Euskalduna Jauregian Euskal Gizataldeen IV. Mundu Biltzarra. Ekitaldiak goizeko bederatzietan hasiko dira eta, besteak beste, kongresukideek 'Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea' berritzeari erreparatuko diote, euskal etxeen ordezkariei dagokienez. Euskadiko Administrazioaren eta Diasporaren arteko harremanetan oso organo garrantzitsua da Aholku Batzordea, legez berari baitagokio euskal gizataldeei buruzko erabakiak hartzeko edo aldatzeko proposamenak egitea Euskal Autonomi Elkarteko erakundeei.
Jatorrizko egitarauaren arabera Euskal Etxeek Aholku Batzordean dauzkaten hiru kideen hauteskundea zen gaur goizean Biltzarrak eztabaidatu eta argitu beharreko gaietako lehena. Izan ere, organo honi aurkeztu behar omen zaio Biltzarrak berak aste honetan zehar onetsitako Konlusio Dokumentua, bidean aurrera egin dezan. Atzo arratsaldetik, baina, Lima-ko (Peru) Euskal Etxearen izenean Raúl Noblecillak irakurri eta aurkezturiko Bakeari buruzko testu bat gelditu zen mahai gainean eta baliteke hori izatea lehenik aztertuko den gaia.

Euskal Etxeek Aholku Batzordean dauzkaten hiru ordezkariak hautatzeari dagokionez, esan daiteke egungo Aholku Batzordekideak Iñaki Erkoreka, Iñaki Esnal eta Joseba Etxarri direla. Duela lau urteko Mundu Biltzarrak hautatuak --kasu honetan berrautatuak, hirurak-- egungo sistemaren arabera hiruetako bakoitza Euskal Etxe guztien ordezkari da Batzordean. Proposamenik bada gaurkoan lurraldeka hautatuak izan daitezen, horretarako mundua hiru multzo handitan banatuz, hiru ordezkarietako bakoitza zuzenean lurralde edo euskal etxe multzo jakin bateko ordezkari zuzena izan dadin.

Harrera ekitaldia Ajuria-Enean

Biltzarrak bere hiru aholkulariak hautatu ostean, aste honetako bilera saioetako emaitza den Konlusio Dokumentua aurkeztuko zaio Aholku Batzorde berritu berriari, Mariluz Artetxe FEVAko lehendakariaren eta Mary Gaztambide NABOko lehendakariaren eskutik. Ondoren amaiera ipiniko zaio Biltzarrari, Iñaki Agirre Jaurlaritzako Kanpo Ekintza idazkari nagusia bertan dela.

Segidan, bildutakoak Gasteizera mugituko dira eta Lehendakariak harrera ekitaldi bat egingo die Ajuria-Enean, kongresukideak banan bana agurtuz. Tolosako (Gipuzkoa) Hodeiertz abesbatzak ezarriko dio musika eta kolore ukitua azken agurra emateko ekitaldi honi, kongresukideek 'Eusko-label' izendapena daramaten produktuez osaturiko zutikako koktel-bazkari bat dastatzen dutela.

Aholku Batzordea Hona Legeak, Eusko Legebiltzarrak maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak, Euskal Autonomi Erkidegoaren eta kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeen arteko harremanak arautzen dituen legeak alegia, dioena bere 6. atalean Aholku Batzordeari, bere funtzio eta osaketari buruz:

1.- Lege honetako helburuak betetzeko, Euskal Gizataldeekiko Harremanetako Aholku-Batzordea eratuko da, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioei aholkuak emateko eta Autonomi Elkarteko administrazio orokorraren baitan egongo dena. Hona hemen bere egitekoak:

  • Euskal Autonomi Elkarteko erakundeei euskal gizataldeei buruzko erabakiak hartzeko edo aldatzeko proposatzea.
  • Lege honetako helburuak betetzeari begira, datozen lau urteetan zer egin proposatzeko lau urtetarako plana egitea. Plan horren berri dagokien erakundeei emango zaie.
  • Lau urtetarako plana eta lege honetan jasotako beste aurreikuspen batzuk zenbateraino betetzen diren balioestea.
  • Legediak agindutako beste edozein.

2.- Batzordearen antolaketa eta iharduteko modua arautu egingo da.

3.- Hona hemen Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku-Batzordeak izango dituen kideak:

  • Eusko Jaurlaritzako lehendakaria edo berak aukeratutako ordezkoa, batzordeko buru.
  • Arloko sailburua edo berak aukeratutako ordezkoa, buruorde.
  • Euskal gizataldeekiko harremanetarako arduraduna edo berak aukeratutako ordezkoa, idazkari.
  • Kultura, Turismo, Lan eta Gizarte Segurantza, Hezkuntza, Etxebizitza, Ogasun, Industria eta Merkataritza Sailetako ordezkari bana.
  • Hiru foru-diputazioetako ordezkari bana eta Euskadiko Udalen Elkarteak izendatutako beste ordezkari bat, euskal udalen izenean.
  • Eusko Legebiltzarreko bi ordezkari.
  • Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat.
  • Euskal etxeetako hiru ordezkari, Euskal Gizataldeen Biltzarrak izendatuak.
  • Euskaltzaindiko ordezkari bat.



  • Lotura interesgarriak

    Diasporari buruzko lege xedapenak
    www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia