euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kongresuko 'lehoiak ere Korrikaren alde', Madrileko Euskal Etxeak antolatu zuen ekitaldi arrakastatsu eta jendetsuan

2007/03/28

Madrileko Korrika Diputatuen Kongresuko lehoien paretik igarotzen ari zela, lehoiak aho zabalik
Madrileko Korrika Diputatuen Kongresuko lehoien paretik igarotzen ari zela, lehoiak aho zabalik

PUBLIZITATEA

Korrika Madrileraino heldu zen asteburuan, Madrileko Euskal Etxeak antolatutako ekitaldiarekin. 150 bat lagun bildu ziren bertan: Euskal Etxeko ikasle, guraso, haur eta irakasleak eta baita Madrileko Hizkuntza Eskolako eta Universidad Complutenseko hainbat ikasle-irakasle ere. Eguraldi ezinhobeak agurtu zuen euskararen aldeko lasterketa Madrileko kaleetatik zehar eta ibilbidean Diputatuen Kongresuaren paretik pasatzean 'Lehoiak ere Korrikaren alde!' oihua izan zen nagusi.
Korrikak kilometro bat egin zuen joan den larunbatean Madrileko kaleetan zehar, Euskal Etxeak antolatutako ekitaldian. 150 lagun bildu ziren bertan, euskararen aldeko lasterketari sostengua emateko. Korrika Madrilera heltzen den lehendabiziko aldia izan da, Madrileko Euskal Etxearen 25 urteko historian. Estreinaldia bikaina izan zen eta eguraldi onak eta giro apartak lagunduta pozik ibili ziren euskaltzaleak '¡Ko-rri-ka , Madrilen ere euskararen alde!' oihua ahotan.

Ibilbidea honokoa izan zen: Zorrilla kalea, Cedaceros kalea, Alcalá kalea, Prado pasealekua, Carrera de San Jerónimo (Diputatuen Kongresuaren paretik), Zorrilla kalea eta Jovellanos kalea (Euskal Etxearen egoitza). Lasterketaren giroa alaia eta koloretsua izan zen eta jendea korrikalariei so gelditzen zen, harrituta, Zuriñe Fernandez euskara irakasleak EuskalKultura.com-i aitortu dionez. Une esanguratsuenetako bat --aldi berean dibertigarria-- lasterketa Espainiako Diputatuen Kongresuaren aurretik igaro zenekoa izan zen. Korrikalarien aldarriak 'Lehoiak ere Korrikaren alde!' bihurtu ziren orduan, Kongresu espainiarraren sarrera zaintzen duten bi irudiak aipatuz.

Omenaldia emakume eta umeei

Aurtengo Korrikak emakumeak omentzen ditu euskararen transmisioan egindako lanarengatik, batez ere frankismoaren garaian euskara bizirik mantzentzen jakin zutelako. Euskal Etxeak ere bere omenaldi propioa egin zien emakumeei eta lekukoa eraman zuen azkena Maritxu Abaitua izan zen, 25 urte hauetan Euskal Etxeko lehendakari izan den emakume bakarra. [Ezkerreko irudian Maritxu Abaitua lasterketako momentu batean, Madrileko Korrikaren lekukoa eskutan]

Umeak ere izan ziren eguneko protagonista eta Euskaltegi-txikiko haur multzo batek Korrikan parte hartu zuen. Lucia Centeno, Itziar Ortiz eta Ines Arrigainek lekukoa eta 'Haurrak ere euskararen alde!' zioen pankarta eraman zuten. Lasterketara Euskal Etxeko kide eta lagunak eta oro har euskaltzaleak bildu ziren, horien artean Hizkuntz Eskola Ofizialeko eta Universidad Complutenseko euskara ikasle eta irakasleak ere, antolatzaileek propio gonbidatuta.

Itxiera ekitaldia Euskal Etxean

Txalapartaren soinuek eta aurreskua eskaini zuen dantzari batek hartu zituen korrikalariak Euskal Etxera heltzean. Ondoren ekitaldi xume baina hunkigarria egin zen, elkarteko euskara irakasle Lur Kabiketak eta Zuriñe Fernandezek aurkeztuta. Euskal Etxeko kide Joaquín Ortizek Korrika antolatzeak suposatu zuen 'erronka' azpimarratu zuen. Ekitaldi honek Hizkuntz Eskola eta Universidad Complutenserekin lankidetza harremana irekiko duenaren esperantza ere azaldu zuen, 'Madrilen euskara ikasi, zabaldu eta gozatu ahal izateko indarrak eta ahaleginak batuz'.

[Goiko irudian Euskaltegi-txikiko haurrak Korrikan parte hartzen, lekuko eta guzti]

Euskararekiko engaiamendua

Euskaltegiko ikasle eta irakasleek eta Hizkuntz Eskola eta Unibertsitateko kideek ere adierazpen batzuk egin zituzten ekitaldi amaieran. Euskal Etxeko euskara irakasleen arduradunak, Jorge Echagüek, lasterketa hau hemendik aurrera 'Euskal Etxearen hitzordu faltaezinetako bat' bihurtuko denaren esperantza agertu zuen, 'bi urte barru gu geu eta beste asko gehiago ere hemen egon gaitezela' desiatuz.

Carlos Cid, Madrileko Universidad Complutenseko Euskal Filologia irakasleak, Korrika bezalako euskararen aldeko keinuak beharrezkoak direla, baina 'ez nahikoa' esan zuen. Joxean Artzeren esaldi famatua ekarri zuen gogora: 'Euskara ez da galduko ez dakitenek ikasten ez dutelako, baizik dakitenek erabiltzen ez dutelako'. Azkenik, Euskal Etxeko sortzaileetako batek, Peio Aramburuk, hunkituta azaldu zuen ez zukeela 'sekula amestuko, orain 25 urte Madrilen euskara klaseekin hasi ginenean, horrelako oihartzuna izatera helduko ginenik'. Egunari bukaera emateko partehartzaileek herri bazkaria egin zuten Euskal Etxean, txistu soinu eta kantu artean, lehendabiziko Madrilgo Korrika honek izan zuen arrakastagatik zoriontsu.


Lotura interesgarriak

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Korrika 15
www.korrika.org

AEK
www.aeknet.net

Madrileko Euskal Etxeak Korrika antolatuko du lehendabizikoz
Basqueheritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 14ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia