Buenos Airesko Euskal Unibertsitatea elkarteak (UVBA, Universidad Vasca de Buenos Aires) antolaturik, astelehenean hasiko dira Buenos Airesen, Kongresu Nazionaleko Liburutegian, "Argentinako Kongresuko V. Euskal Kultura Jardunaldiak", mota askotako ekintzak eskainiz hiriburuko komunitateari urriaren 3tik 7ra. Proposamenen artean, Buenos Airesen orain arte ikusi ez den Koldo Serra zuzendariaren ‘Gernika’ luzemetraiaren estreinua argentinar hiriburuan.
Buenos Aires, Argentina. Bosgarren urtez jarraian irekiko dizkio ateak euskal kulturari Argentinako Kongresu Nazionaleko Liburutegiak eta ‘Buenos Airesko Euskal Unibertsitatea’ (UVBA) antolatzaile V. Euskal Kultura Jardunaldien egoitza izango dira datorren astelehenetik aurrera, urriaren 3tik 7ra.
Hona ekitaldiaren programa:
-Urriaren 3an, 17:30etan, Jardunaldien Inaugurazioa. Musika eta dantza Euskaltzaleak-eko abesbatza eta dantzarien eskutik. ‘Zutarriak’ musika taldearen emanaldia. Gernikako Arbola, Kanky Kozameth Ortizek abesturik. 18:30etan, Amama pelikula, Carlos Gabilondoren eskutik.
-Urriaren 4an, 18:00etan, Gernika filmaren estreinaldia. Koldo Serraren luzemetraia estreinatu berria da Euskal Herrian, irailaren 9an, eta Kongresu Nazionaleko Liburutegiko mikro-zinean ikusi ahal izango da lehen aldiz.
-Urriaren 5ean, 18:00etan, hitzaldi-tailerrak: 1) “Klima aldaketa-Laudato: Zientziaren ikuspuntutik. Euskaldunen rola Tuyu eskualdean”; mintzalaria: Guillermo Villate. 2) “Askatzaile euskal argentinarrak Independentziaren bigarren mendeurrenean”; mintzalaria: Jose Saldias.
-Urriaren 7an, 18:00etan, hitzaldi-tailerrak: 1) “Historiak ukatutako bataila: Baldillan”; hizlaria, Luis Luquez. 2) “Sorginak, emakumea eta sukaldea”; hizlariak: Txarito Naya eta Marité Echegoyen.
Aipatutako ekitaldiekin batera, euskal jatorriko artisten erakusketa bat ere egingo da, Ines Maria Prats, Julieta Gaztañaga, Susana Iturrioz, Adriana Ramirez eta Maria Silvia Latasa margolarien lanak erakutsiz.
Ekitaldion arduraduna den Marite Echegoyenek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “Jardunaldiak bosgarren ediziora iritsi dira eta aurrekoak bezain arrakastatsuak izatea espero dugu. Gure helburua gure kultura zabaltzea da, uste dugulako euskal kultura Argentinako kulturaren zati garrantzitsua dela". "Urtero legez, jardunbide handiko adituek osatzen dute gure programa eta horrek oso aukera ona emango digu ezagutzak partekatzeko. Kolektibitateko beste erreferente batzuen artean laguntzaile izango ditugu Sara Pagola ordezkaria, Mariana Satostegi Ordezkaritzako Erakunde Harremanetarako arduraduna, Teresa Zavaleta Euskaltzaleak-eko lehendakaria eta Luis Luquez irakaslea, batzuk aipatzearren”.
Aktibitate guztiak Kongresu Nazionaleko Liburutegian izango dira, Alsina kaleko 1835. zenbakian. Sarrera libre eta doan.