Neuquen, Argentina. Neuquen Probintziako Kultura Idazkaritzak gonbidaturik, Neuquen (izen bereko probintzian) eta Cipolletti (Rio Negro probintzian) hirietako lan taldeak biltzen dituen ‘Konfluentziako Euskaldunak’ Euskal Etxea Euskal Herriaren ordezkari izango da Neuquengo 2018ko Gizataldeen Jaian. Hitzordua azaroaren 9tik 11ra gauzatuko da, Duam gunean, euskaldunen kasuan bi stand muntaturik: batean euskal sukaldaritza eskainiko da eta bestean erakusgai ipiniko dira bideoak, jantziak, musika tresnak eta euskal kultura tradizionalari lotutako beste hainbat objektu.
Festaren aurreko ekintzen artean, Jaialdian esku hartuko duten kolektibitateek euren plater tipikoak aurkeztu zituzten joan den asteartean Neuquengo Gobernu Etxean. Euskal Etxeko lagunek prestatutako pintxoek Omar Gutiérrez gobernadorearen laudorioak ere jaso zituzten.
Gizataldeen Jaialdia arratsaldeko 6etan hasiko da iraungo dituen hiru egunetan eta bertarako sarrerak 130 pesoan eskuratuko dira.