euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Konfluentziako Euskal Etxeak gaur abiatuko du bere euskal zinema zikloaren 4. edizioa, "bikoitza", euskara eskoletarako deia ere eginez

2023/04/05

Konfluentziako Euskal Etxekoek antolatutako zine zikloaren laugarren edizioa eta euskara eskolak iragartzeko sareetan erabilitako irudia
Konfluentziako Euskal Etxekoek antolatutako zine zikloaren laugarren edizioa eta euskara eskolak iragartzeko sareetan erabilitako irudia

PUBLIZITATEA

Cipolletti, Argentina. Cipolletti eta Neuquén elkarren ondoan dauden Patagoniako bi hiri dira —lehena Rio Negro probintzian, bigarrena Neuquéngoan— eta Neuquén ibaiaren gainean dauden hiru zubi dauzkate lokarri. Euren arteko distantzia handia ez bada ere —Argentinako moldeen arabera behintzat— ez da sobera ohikoa bien artean mugitzea. Hori dela eta, Konfluentziako Euskal Etxeak bi Euskal Zinema Ziklo antolatu ditu paraleloan, elkarrengandik 6 kilometrora dauden bi aretotan. Film bana aurkeztuko dute hilabetero. Topaketak orain apirilean hasiko dira, eta urte osoan zehar luzatuko, abendura arte.

Gaur bertan, apirilaren 5ean, asteazkena, gaueko 8etan, inauguratuko da Euskal Zinema Zikloaren laugarren edizioa, Neuquengo Arte Ederren Museo Nazionalean. Igor Legarretak zuzendutako eta Itziar Ituño protagonista duen "Ilargi Guztiak" (Todas las Lunas) fabula historikoa pantailaratuko dute eta hileko lehen asteazkenero euskal filmografiaren lan berri bat eskainiko da aretoan. Zubiaren beste aldean, jarduera Cipolletti Kultur Gunean izango da, hileko bigarren asteartetan. Lehenengo emanaldia datorren asteartean, apirilaren 11, izango da, "Cinco Lobitos" eskainiz, Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren opera prima saritua. Bi aretoetan, sarrera doakoa.

Euskal kultura eta euskara barreiatu

Zinema zikloei dagokienez, “Gure asmoa euskal ohiturak eta kultura ahal dugun esparru guztietan zabaltzen jarraitzea da eta, aurreko urteetan lortutako onarpen maila kontuan hartuta, espektatiba onenak ditugu”, aitortu dio EuskalKultura.eus-i Konfluentziako Euskal Etxeko erreferente den Pedro Mario Arana Urionabarrenecheak.

Euskal Etxea, bestalde, euskara eskolak ematen hasiko da datorren astean, Euskara Munduan programako partaide den Gabriela Allariaren eskutik. Bi talde arituko dira, ikasle berrien taldea Comahueko Unibertsitate Nazionalearen egoitzan, eta ikasle aurreratuena, Casa Museo Dr. Gregorio Álvarez-en, biak ala biak Neuquenen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia