euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Konfinamendua gorabehera, Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxeak aurrera darrai elkartea berrabiatzeko prozesuarekin

2020/05/27

Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxea
Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxea

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. 2019ko abenduan hautatua izan zen Zuzendaritza Batzorde berria buru belarri ari da lanean, Interneten bidez egin daitezkeen ekintzak eginez, jakina. Eta ez da gutxi. Izan ere, sare sozialetan ekin diote inoiz elkarteko bazkide izan zirenekin kontaktuan jartzeari eta lagun berriak gonbidatzeari. Horretaz gain, eguneratu ahal izan dute euren lege izaera eta egoitzaren behin betiko jabetza-titulua ere ari dira tramitatzen.

Gogora dezagun epe batez aktibitaterik gabe geratu zela Trelew hirian egoitza duen Chubut Iparrekialdeko Euskal Etxea lehendakari eta sortzaile izan zuen Clavel Sagredoren heriotzaren ondorioz. Pasa den abendutik aurrera, hala ere, berriro biltzen hasi ziren Euskal Etxearen lagunak eta Zuzendaritza Batzorde berria osatu ez ezik, helburu batzuk ere adostu zituen orain Salvador Bonachea buru duen taldeak.

Asmoen artean, honako hauek aipatzen ditu Bonachea lehendakariak: De los Trabajadores etorbideko 833. zenbakiko egoitza egokitu eta mural batekin edertzea; bazkide berriak erakartzeko kanpaina egitea; eskualdeko eta herrialde osoko gainerako euskal etxeekin kontaktuan jartzea; eta, nola ez, euskal kulturaren adierazpen guztiak, hala nola hizkuntza, musika, dantzak, sukaldaritza, kirola… zabaltzea.

Euskal Etxearekin kontaktatu nahi dutenek, kide izateko, kanpainarekin laguntzeko, edo beste edozertarako, helbide honetara idaztea baino ez dute: Centro Vasco del Noreste de Chubut Facebook kontura edota centrovascodelnorestedelchubut@gmail.com helbide elektronikora.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia