euskal diaspora eta kultura
2012/12/13
PUBLIZITATEA
Mar Chiquita, Argentina. Hiru urte baino ez ditu Izatez Harro Euskal Etxeak baina hiru urte hauetan urrats handiak eman ditu. Eta dudarik gabe, urrats garrantzitsuenak jendearengana hurbilarazi dituztenak dira.
Azaroaren 16an eta Udaletxeko Kultur Idazkaritzak gonbidaturik, Mar Chiquita-ko II. Hezkuntza Erakusketako protagonistetako bat izan zen bertoko euskal erakundea. Urtean zehar ikasleek garatutako proiektuak eta oro har, kultur ekimenak sustatze aldera antolatzen den erakusketa honetan euskal stand bat bisitatu ahal izan zuen publikoak. Standean, abizenei buruzko informazioa emateaz gain, euskarazko hitz batzuk irakatsi zizkieten euskaldunek eskoletako neska-mutilei.
“Ikasleek ez ezik, gurasoek ere erakutsi dute jakin-min handia. Eta azpimarratu nahi dugu, standean geundela, euskal arropa tradizionala jantzita zeramaten bi ume etorri zitzaizkigula euskarazko hitzak ikastera. Bi ume horiek Gernikako Bonbardaketari buruzko erakusketa ikusi zuten euren eskolaVivorata-ko 10 zenbakiko eskolan, eta horrek bultzatuta gai hori hartu zuten erakusketara eramateko”, azaldu dute Izatez Harro euskal etxetik.
‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’
Erakusketa ibiltariari dagokionez, urriaren 15ean inauguratu zen Coronel Vidal-en. Aurkezpen ekitaldia Udalaren Kultur Etxean burutu zen eta bertara abiatu zen Elvira Kortajarena, Euskadiko Mercosur-erako ordezkaria. Berarekin batera, euskal etxeko lehendakaria den Fernando Mandagaranek eta Jorge Paredi herriko alkateak osatu zuten agintarien taldea.
‘Gernikako Bonbardaketa, 75 urteurrena’ inauguratzeko, bideo bat aurkeztu zuen Cesar Correa irakasleak. Ondoren, aipatutako agintariak ikasle, irakasle eta publiko osoarekin mintzatu ziren. Bi egun egon zen ikusgai erakusketa Cnel. Vidal herrian eta 500 bat pertsonak ikusi zuten.
Cnel. Vidaleko egonaldia bukatu eta gero, partiduko beste herrietara eraman zuten euskal etxeko kideek Gernikari buruzko erakusketa, egitarau honi jarraituz: urriaren 17an, General Piran-en; urriaren 18an, Vivorata-n; urriaren 19an, Mar de Cobo-n eta Santa Clara-n. Herri bakoitzean eskola eta kultur erakundeak gonbidatu zituzten. “Guztira milatik gora lagunek bisitatu zuten erakusketa eta hori pozik egoteko arrazoi ona da. Leku guztietan oso ondo hartu gintuzten, umeak oso zintzo portatu ziren gurekin, oso maitagarri. Harreta handiz entzun zituzten azalpenak eta oso galdera egokiak egin zituzten. Esperiantzia erabat arrakastatsu izan zen”, adierazi dio Fernando Mandagaranek EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus