Boise, AEB. Urte luzetako prestaketaren ondoren, hasieran 2020ko apirilean irekitzekoa zen eta tamalez pandemiaren ondorioz atzeratu behar izan zen erakusketa hau azkenean ostegun honetan, uztailaren 21ean estreinatuko da, Komunitatea! Stories of Basques in Communities Throughout the West izenpean, Boiseko Basque Museum & Cultural Center-en, Komunitatearen Historia Taldearen lan handiaren emaitza. Argazkiak, audio eta bideo material eta elkarrizketak arakatu eta prozesatu dituzte AEB Mendebaldeko euskaldunen bizipenak kontatu ahal izateko.
Museoko bi galeriatan Komunitatea! erakusketa egongo da ikusgai ostegunetik aurrera, besteak beste honako gaiak jorratuz, immigrazioa, etxea, ogibideak, kultura eta, baita ere, euskaldunek abiatutako jarduerak euren kultura molde eta ondarea landu eta bizi izan diren komunitateetan errotu eta auzokoekin partekatzeko. Museora erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnek aukera izango dute izen-abizen jakineko euskaldun jakinen istorioetara hurbiltzeko eta euren argazki, tramankulu, dokumentu eta ahozko lekukotasunen bidez barneagotik ezagutzeko.
Erakusketa aukera Euskal Museoan
Haatik, Museoak dagoeneko bertan dauden erakusketa gehiago bisitatzeko aukera eskaintzen dio bertaratzen denari. esaterako, Euskaldunak Kalifornian, 2020ko uztailean inauguratua eta euskaldunek Kalifornia modernoaren eraikuntzan izan zuten eraginaren berri ematen duena; edo 2018ko Estereoskopiko non 30 irudiren bidez, duela mende bat zen bezala ikus daitekeen Euskal Herria; eta bi erakusketa egonkor (2013koak): Artzainak: bizitza bakardadean eta lan gogorra eta Kultura iraunkorra: euskaldunen iragana eta oraina.
Komunitatea! erakusketaren estreinatzeko ekitaldia ostegun honetan, uztailaren 21ean izango da, arratsaldeko 6etan. Museoa, asteartetik ostiralera bisita daiteke, 10etatik 17etara, eta larunbatetan 11etatik 16etara.