euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kolorea, poza, danborrada, musa, euskara, dantza, kultura eta konpromisoa Pergaminon Lagun Onak-en Urte Amaiera Jaian

2024/12/18

Pergaminoko Lagun Onak-en Urte Amaierako Festa handia, eskualdeko Mus Txapelketa barne, oso arrakastatsua izan zen
Pergaminoko Lagun Onak-en Urte Amaierako Festa handia, eskualdeko Mus Txapelketa barne, oso arrakastatsua izan zen

PUBLIZITATEA

Pergamino, Argentina. Euskal etxeetako urte bukaerako jaiak, mahai baten inguruan esertzeko eta afari on bat partekatzeko unea izan ohi dira askorentzat, hilabetetan lan gogorren ibili eta gero, . Beste batzuetan, taldeek egindako lanaren erakustaile izan daitezke, gehienetan afari batek koroatua. Joan den abenduaren 7an, larunbatez, Pergaminoko Lagun Onak-ek antolatutako Urte Amaierako Festa Handiak, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egitearekin batera, horixe izan zen, EEak urtean zehar sustatzen dituenen erakusgarri. Ekitaldia goizean hasi, 'Jorge Etchebehere' Mus Txapelketarekin, eta gauean berandu bukatu zen, dantzaz, danborradaz eta Carlos Manzoco eta Fabio Villalva sukaldariek prestatutako sukaldaritza plater gustagarriez disfrutatu ondoren.

Adin guztietako dantzariak izan ziren emanaldiko partaide eta euskal dantzan lortutako aurrerapenak erakutsi zituzten, urtebeteko dedikazio etengabearen eta entsegu saiatuen ondoren. Goizeko Izarrako haurrek, Marina Fauraren eskutik, Agurra, Arku Dantza eta Zinta Dantza dantzatu zituzten eta amaierako Fandangoan ere dantzatu zuten. Dantzari helduen taldeak, Sofia Irustaren zuzendaritzapean, Lantzeko Inauteria —Bahia Blancako Euskal Aste Nazionalean estreinatu zutena— eta Arin Arin dantzatu zituen. Eta Daniel Altamirak zuzendutako "Askeak" izeneko dantzazale nagusien taldeak Ostalerrak, Courinta eta Rigodon dantza kolektiboak eskaini zituen.

 
Finala junindarren artean jokatu zen: txapeldunak eta txapeldunordeak

Kirmen Uriberen "Munduari begiratzeko" olerkiaren irakurketa jasotzen duen bideo baten proiekzioarekin omenaldia egin zitzaion euskarari. Eta Carlos Oteguik zuzendutako Donostiako Danborrada Pergaminoko upel eta danborren eskutik entzun zen, bertaratutako guztien alaigarri. Egunean zehar garatu zen mus txapelketaz gain, mus sailekoek bi muslari nabarmendu zituzten: Euskal Etxearen urteroko rankinga egin ondoren, Cecilia Bonardik partida irabazlerik handienaren saria jaso zuen eta, barne txantxa batean, saria eman zitzaion irabazi baino partida gehiago galdu zituenari, kasu honetan Silvia Caminosi.

Musak festarekin bat egin zuen

Goizean goiz iritsi ziren lehenengo muslariak Lagun Onak-en egoitzara, "Jorge Etchebehere" Mus Txapelketaren hirugarren edizioan parte hartzeko. Gogora dezagun gaur egun kanpoan bizi den bazkide, muslari, pilotari eta kolaboratzaile nekaezin baten omenez bataiatu zutela honela txapelketa. Junin, Ayacucho, Saladillo, Chacabuco eta Laprida bertako 13 bikotek hartu zuten parte, eta ilunabarrera arte lehiatu zuten txapela. Finalera iritsi ziren bi bikoteak Juningoak izan ziren, eta euren artean Pablo Nanni eta Julio Doraziok osatzen zutena izan zen irabazle. Txapeldunordeak, berriz, Eduardo Fadda eta Enrique Jaime. Eta hirugarren, Chacabucoko ordezkari Luciano Gatti eta Mauricio Milone.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia