euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kolonbiako Zine arloko zenbait erakundek eta EEak Euskal Zinema Garaikidearen Erakustaldia antolatu dute Bogotan

2007/11/05

<i>Máquina</i>, Gabe Ibañez-ek zuzenduriko metraia laburrekoa Bogotan Kimuak sailekoen artean gaur emango duten izenburu horietako bat da
Máquina, Gabe Ibañez-ek zuzenduriko metraia laburrekoa Bogotan Kimuak sailekoen artean gaur emango duten izenburu horietako bat da

PUBLIZITATEA

Bosgarren eta azken eguna bizi du gaur Kolonbiako hiriburuan Euskal Zinema Garaikide Erakustaldiak, Bogotako Zinematekak eta Arte Moderno Museoak antolaturik, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila lagun Kolonbiako Film Ondareak eta Euskal Etxearen koordinaziopean azaroaren lehenetik hona garatu denak. Ekimena datorren urteko martxo alderako Kolonbiako Film Ondarea prestatzen ari den Euskal Zinemaldi handiaren aurrekari gisa aurkeztu dute antolatzaileek, ordurako Euskal Herriko gonbidatuak ekarri nahi baitira, jende aurreko emanaldiak Bogotá, Cartagena, Bucaramanga, Medellín, Manizales, Pereira eta Cali-n egiteko.
Gaur amaituko da Bogotan, azaroaren lehenetik hona garatu den Euskal Zine Garaikide Erakustaldia. Bogotá-ko Zinematekak eta Arte Moderno Museoak antolatuta, Kolonbiako Film Ondarea eta Euskal Etxea koordinatzaile eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila lagun, Erakustaldiak azken bizpahiru urteotan euskal markarekin ekoitzi diren zenbait filme luze zein labur dastatzeko aukera eskaini die Carrera kaleko Zinematekara (Cinemateca) hurreratu diren zaleei.

Gaurko saioak honako luzemetariak erakutsiko ditu: Búsqueda de sombras (Koldo Serra, 2006), Kutsidazu bidea, Ixabel (Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo, 2006), Nomadak TX (Raúl de la Fuente, 2006); eta baita Kimuak saileko honako laburrak: La primera vez (Borja Cobeaga zuzendari), Tercero B (Jose Mari Goenaga), Topeka (Asier Altuna), 7:35 de la mañana (Nacho Vigalondo), Éramos pocos (Borja Cobeaga), La guerra (Luis Berdejo eta Jorge C. Dorado) eta Máquina (Gabe Ibañez).

Euskal Zinemaldi baten aurrekari

Erakustaldiko arduradunek Kolonbiako Film Ondareko Irene Castillo anderea datorren urteko Aste Santu ingururako prestatzen ari den Zinemaldi baten sarrera edo aurrekari gisa aurkeztu dute gaur amaituko den emanaldi sorta. Ekimen horrek Euskal Herriko Ikusentzunekoen Klusterraren eta Euskal Filmategiaren sostengua bildu nahiko luke, Euskal Etxearenarekin batera. Euskal zinegileren bat ekarri nahiko lukete Kolonbiara hitzorduko partaide --Julio Medem izan dadin ari dira saiatzen-- eta baita laburmetraia zuzendari gazteren bat ere, ekitaldiok Bogotá, Cartagena, Bucaramanga, Medellín, Manizales, Pereira eta Calira hel araziz.

Gaurko egitarauari dagokionez, hona izenburuak eta orduak:

-12:30 pm: Búsqueda de sombras (Koldo Serra, 2006). Drama. 93'
-3:00 pm: Kutsidazu bidea, Ixabel (F. Bernués & M. Gabilondo, 2006)
-5:00 pm: Nomadak TX (Raúl de la Fuente, 2006), Musika Dokum. 93'
-7:00 pm: Kimuak-eko laburmetraia sorta. 90'

[Bestetik, eta Euskal Zine Erakustaldiaren amaierarekin bat eginik, Euskadi Irratiko lantalde bat etorria da Kolonbiara, astean zehar zenbait saio hemendik burutzeko, euskal presentzia eta Euskal Etxeko berri aipatuz, baina baita ere bertako jendeak eta bizimodua oro har. Ikus berria gaztelaniaz, hemen).


Lotura interesgarriak

'Cinemateca Distrital'eko egitaraua, Euskal Erakustaldia barne
www.cinematecadistrital.gov.co/programacion.php

The backwoods (Bosque de sombras), Koldo Serra zuzendari
www.thebackwoodsmovie.com

Kutsidazu bidea, Ixabel, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernués-ena
www.berria.info/kutsidazu

Nomadak TX, Raul de la Fuente zuzendari
www.nomadaktx.com

Kimuak 2006ko egitaraua
www.kimuak.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia