Envigado, Kolonbia. Euskal Herria eta euskaldunek Antioquiarekin izan duten zerikusia eta bertan utzitako arrastoa izan dira "De viajes por el mundo" ekimenak Kolonbiako Envigadon antolatutako programaren hizpide eta gaietako batzuk. Euskal Herria aurkeztea helburu, hitzaldi eta aurkezpenez gain abuztuaren 9an arratsaldeko 4etatik aurrera garatutako ekitaldiak argazki erakusketa bat, gastronomia eta pintxo erakustaldi bat eta musika eta dantza saioak ere izan zituen, 'Txakoli', Macondo eta 'Kordazero' taldeen eskutik.
Euskara zinez menperatu eta euskal kultura lagun duen Jose Miguel Ramirez-en hitzaldia (arg. EE)
Ekitaldia Envigadoko Alkatetzako Pasaian egin zen eta Caldasen egoitza duen Antioquiako Gure Mendietakoak Euskal Etxea eta Antioquiako Euskal Ikasketa Gunea izan zituen antolatzaile. "Geure arbaso euskaldunak, Europako herririk zaharrena" hitzaldia Jose Miguel Ramirez-en esku egon zen, eta "Euskal etorkinak Antioquian" John Alejandro Ricaurtek eman zuen. Gastronomia eta pintxo alorrean, ostera, ardura Sahara Velazquez sukaldariarena izan zen, musika alorrean bertako 'Txakoli' eta 'Kordazero' taldeak aritu ziren, eta dantzariak, azkenik, Macondo taldekoak.