Bogota, Kolonbia. COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik 18 hilabete 'luze' pasatu ditu Kolonbiako hiriburuko Euskal Etxeak ateak itxita. Joan den asteburuan, etenaldi hori hautsi da eta berriro ere bildu dira elkarteko lagunak EEaren egoitzan bazkari informal batez gozatzeko. Menua, pintxoak eta paella, Bogotako ‘El Vasco’ sukaldaritza enpresak prestatuta eta otorduaren ondoren, ongietorri hitzak eta topa egitea, jardunaldiari ezinbesteko mus partiden bidez amaiera jartzeko.
Topaketa arrakastatsua izan bada ere, momentuko badirudi hurrengo hilabeteetan, datorren urtera arte, ez dagoela bestelako elkarretaratzerik egiteko planik, halaxe jakinarazi baitigu Euskal Etxeko erreferente den Beñat Matesanz-ek: “Urte berriaren hasieran argi daukagu bai ospatu dugula Danborrada, pandemia hasi aurretik urtero egiten genuen bezala, urtarrilaren 19an, Donostiako jaiarekin bat eginez”.
Bogotako Euskal Etxearen egoitza hiriko Palermo auzoan dago, Gernika Plazaren aurrean. Elkarteak egiten dituen ekintzei dagokienez, Matesanzek azpimarratzen du proposamen nagusia Euskal Herriko jaiak Bogotan antolatu eta ospatzea izaten dela, bertan bizi diren euskal herritarrak biltzeko, eta egoerak baimentzen duen bezain pronto horiek berreskuratzea izango dutela helburu.
Bogotako Euskal Etxearen Instagram-eko kontua, casavascabogota.