euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kolektibitateen Jaian parte hartu ostean, Euskal Erromeriaren data iragarri du Tandilgo Gure Etxea-k

2013/09/27

Tandilgo dantzariak Kolektibitateen Jaiaren 23. edizioan (argazkiaEE)
Tandilgo dantzariak Kolektibitateen Jaiaren 23. edizioan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Mugimendu handiko egunak bizitzen ari da Buenos Aires probintzia argentinarreko euskal etxe hau eta erritmo onean jarraituko du urte amaierara arte. Azken asteburuan, euskal kulturaren partaidetza bermatu du hiriko 23. Kolektibitateen Jaian; datorrenean, berriz, FEVAko Umeen Topaketa izango da hitzordua. Villa Mariara ere joango dira Gure Etxeak-eko kideak Euskal Asteaz gozatzera; eta azaroan ere ‘Antzinako erromeria’ bat antolatuko dute “garai bateko bertako euskal jaien izpiritua berreskuratzeko”. Data azaroaren 23an izango da, iluntzeko 7:30etan, eta danborren burrunbarekin hasiko da.

Tandil, Argentina. Immigrantearen Eguna ospatu zen Argentinan irailaren 4an eta herrialde osoan burututako ospakizunekin bat eginez, Tandil hiriak ere izan zuen bere Gizataldeen Festa. Jaialdiak musika eta dantza ikuskizunak eta kultur standak batu zituen eta Unibertsitateko Kultur Gunean burutu zen Miguel Lunghi Alkatea eta Ernesto Palacios Turismo Zuzendaria lagun.

El Eco egunkariak jakinarazten duenez, festari hasiera emateko herri partaideen bandera guztiak igo ziren tauletara. Hamabost bat kolektibitate elkartu ziren agertokira, tartean kolektibitate alemaniarra, espainiarra, boliviarra, italiarra, thailandiarra, haitiarra, arabiarra, israeldarra,  daniarra, perutarra, venezuelarra, lituaniarra, peru-uruguaitarra, txiletarra eta euskalduna. “Bizitza hobe baten bila lur hauetara iritsi ziren herri askotako etorkinak batu egin ziren hiri kementsu hau eraikitzeko; eta gaur egun, garapen-eredu bat bihurtu da. Tandilgo Gizataldeen Elkartean bilduta, gure tradizio eta ohiturak mantentzen saiatzen gara; eta festaren 23. edizioan argi geratzen da gure arbasoen ondarea ez dela galduko”, adierazi zuten elkarteko nagusiek ongi etorria ematean.

Tandilgo 2013ko Kolektibitateen Jaia 2013 02

[Gure Etxea Euskal Etxeko partaideak standaren arduradun (argazkiaEE)]

Bi egunetan zehar, musika eta dantzak eta sukaldeko ekintzak izan ziren aktibitate erakargarrienak. Euskaldunen kasuan bai tauletan bai sukaldaritza patioan luzitu ziren. Jaia Udal eta Kultur Interesekoa izan zen izendatua eta Udala, Unicen eta Buenos Aires probintziako Gizataldeen Elkartea izan zituen babesle.

Tandilgo 2013ko Kolektibitateen Jaia 2013 01

[Tandilgo euskal etxeko dantzariak –gazteak eta txikiak – publikoa agurtzen (argazkiaEE)]

Behin kolektibitateen ekitaldia bukatuta, 2013ko ‘Antzinako erromeria’ren berri eman du Tandilgo Gure Etxeak. Gogora dezagun ‘Antzinako erromeria’ ospatzearen ideia iaz sortu zela “duela berrogei urte, kalean eta plazan, egiten ziren euskal jai horien giroa berreskuratzeko helburuarekin”. Iazko deialdiak oso erantzun ona izan zuen, hirian eta baita eskualdeko herrietan ere, eta hori dela eta aurten ere gauzatuko da.

Esteban Cain euskal etxeko lehendakariak ezagutarazi duen egitarauaren arabera, erromeria arratsaldeko 19:30etan hasiko da danborradarekin. Kabalkadan eta danborren erritmora partaideak euskal etxetik Independenzia Plazara abiatuko dira eta bertan dantzarien eta abesbatzaren ikuskizunak burutuko dira. Festaren baitan, euskal etxeko alkate berria hautatuko da. Gonbitea euskal komunitateko eta Tandil hiriko agintari askori luzatu zaio, tartean, Sara Pagola Argentina-Mercosur-erako Euskadiren Ordezkariari, Miguel Lunghi hiriko alkateari, Ricardo Basterra FEVAko lehendakariari eta Echeverry apezpikuari. Iaz bezala, eskualdeko euskal etxeek ere hartuko dute parte. Ikuskizunak doakoak izango dira.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia