euskal diaspora eta kultura
2012/03/27
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities sailaren baitan sortu da Chicagoko Unibertsitatean Koldo Mitxelena Katedra eta, Etxepare Euskal Institutuak atzo prentsaurrean jakinarazi zuenez, Euskal Herriko Unibertsitateko fonologiako katedradun Lourdes Oñederra izango du lehen irakaslea, lauhileko batez.
Katedraren inaugurazio ofiziala dela-eta ekitaldi sorta prestatu dute Etxepare Euskal Institutuak, Chicagoko Cervantes Institutuak eta Chicagoko Unibertsitateak, apirilaren 9tik 22ra bitartean. Literatura, zinea eta artea izango dira inaugurazioaren ardatzak eta ekitaldiak, besteak beste, honakoak izango dira: Paddy Woodworth kazetariaren hitzaldia, mahai-inguruak Arantxa Urretabizkaia edo Eider Rodriguez idazleekin, Helena Taberna eta Asier Altunaren euskal filmen proiekzioak (Latino Film Festival delakoan) eta Erlea Maneros Zabalaren erakusketa Chicagoko Unibertsitatearen Reva and David Logan Center for Creative and Performing Arts gunean.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua eta Mari Jose Olaziregi Etxepareko Euskara Sustatzeko zuzendaria Chicagon izango dira inaugurazio ekitaldian; Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendaria, aldiz, ekitaldion amaieran izango da. Amaia Gabantxok ere, Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean duen irakurleak, hartuko du parte ekitaldietan.
Eduardo Chillida Katedra Frankfurten
Institutuko arduradunek pozez jakinarazi dute baita ere Etxeparek aurten abiatuko duela Eduardo Chillida Katedra Frankfurt-eko Johann Wolfgang Goethe Unibertsitatean. Udazkenean hasiko dira eskolak, 2012-2013 ikasturtean. Katedra euskal artearen ingurukoa izango da eta, oro har euskal artea eta, bereziki, Eduardo Chillidaren obra esparru akademikoan ikertzen eta zabaltzen laguntzea izango du xede. Sortzaile donostiarraren heriotzaren hamargarren urteurrena betetzen da aurten eta Etxepare Institutuko arduradunek egitasmoa gauzatzeak eragin dien poza agertu zuten; era berean, Chillida familiari eskerrak eman zizkioten, hasierarik ekimenari eman dion babesagatik.
Eskolez gain, artistari buruzko atal berezia sortuko da Frankfurteko Arteetako Liburutegian, Chillidari buruzko bibliografia osoa bilduz. Horri esker, Chillida Lekurekin batera, erreferente izango da Chillidaren obra ikertuko dutenentzat. Horrez gain, bertako fakultateak konpromisoa hartu du lehen bi urteetan maila handiko nazioarteko sinposioa egiteko, Eduardo Chillidaren obraren inguruan.
New Yorken euskal zinea
Bestalde, Etxeparek prest du City University of New York unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedraren aurtengo egitaraua. Atxagak berak abiatu zuen iaz katedra eta aurten, 2012-2013 ikasturtean, euskal zinema izango du ikasgai nagusia, unibertsitateak berak hala eskatuta.
Hori dela eta, Etxeparek Joxean Fernandez donostiarra, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, proposatu du irakasle gonbidatu bezala. Fernandez Nantes unibertsitate frantseseko irakaslea da eta Nantesko Espainiar Zinemaldiaren zuzendaria izan da. Urritik aurrera emango ditu eskolak New Yorken, eta, programa osatze aldera, euskal zinema emanaldiak eta zinemagileekin mahainguruak ere egingo dira ikasturtean zehar.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus