euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Koitz' Foncillas argazkilari iruindarrak erakusketa irekiko du Los Angelesen, USC unibertsitatearen saria irabazita

2015/04/21

Sari eta erakusketa honi esker, argazkigintza munduko hainbat ate zabalduko zaizkiola uste du Koitzek (Argazkia: Koitz)
Sari eta erakusketa honi esker, argazkigintza munduko hainbat ate zabalduko zaizkiola uste du Koitzek (Argazkia: Koitz)

PUBLIZITATEA

Erakusketa zabalduko du aste honetan Luis 'Koitz' Foncillas argazkilari iruinsemeak University of Southern California-ko (USC) Verle Annis galerian, Los Angelesen. ‘Fire Island: Out in the Sun’ du izena lanak eta New Yorkeko Fire Island irlako bizimodua islatzen du, bereziki uda bertan ematen duen gay komunitateari dagokiona. Erakusketa USC Founders Cultural Award-aren eskutik dator, unibertsitateak sentsibilitate soziala duten artista hasiberriei eskaintzen die eta, aurten, 'Koitz'-ek irabazi du.

New York, AEB. Erakusketaren inaugurazio ekitaldia hilaren 24an, ostiralean, izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta 28ra arte izango dira ikusgai lanak, USC-ko Arkitektura Fakultateko Arte Galerian . “Lau egun baino ez dira egongo bertan, aretoa zabalik dagoen bitartean ikasleak izango direlako zaintza lanetan, eta azterketa garaian daude”, esan dio EuskalKultura.com-i Radio Euskadiko kolaboratzailea ere baden kazetariak. “Ohorea da niretzat ehunka ikaslek neure argazkiak ikusi ahal izatea. Gainera, uste dut gaia (gay komunitatea) desberdina izatea garrantzitsua dela”. USCko irakaslea den Victor Jones da erakusketaren komisairoa, eta esker oneko hitzak ditu argazkilariak berarentzat: "Eskerrak eman nahi dizkiet Victor Jones eta USCri, ikasleen aurrean lan hauek erakustearren eta, honen bidez, LGTB komunitatearen errealitatea ezagutzera emateagatik".

Fire Islandeko egunerokotasunean murgilduta, lau urtez Fire Island News egunkarian lan egindako argazkilariak irlako ezaugarri berezi guztiak dakartza ikusleen begi aurrera. “Barrutik egindako argazkiak dira, ez friki batzuenak”, azpimarratu du. “Zintzotasunez egindako lana da, jendea duin ateratzea gustatzen zait”. Lan etika horrek erraztu egin dio beharra, zelanbait, eta protagonistek ere eskertu egin diote, behin baino gehiagotan, egindako esfortzua.

Hainbat proiektu, borroka bat

Hamar bat urte daramatza Koitzek Fire Islandeko bi gay komunitateak (Cherry Grove eta Fire Island Pines) erretratatzen. “Liburu bat atera nahiko nuke argazkiekin”, aitortzen du. Baina Out in the Sun ez da esku artean duen proiektu bakarra, beste zenbait dauzka, homosexualitatea beti ardatz. “Komunikabideek eta argazkigintzak komunitate hau humanizatzen laguntzen dute, aurpegia jartzen dizkielako protagonistei”, dio. Hala ere, uste du gay eta lesbianen eskubideen borrokan gehien laguntzen duena norbere familia dela: “Helduenek mitoak alderatzen dituzte alaba, loba edo biloba homosexuala dutela dakitenean”.

New Yorken bizi da Koitz Foncillas 1994az geroztik, eta txikitatik du argazkilaritza gustuko. Hala ere, argazkigintzan buru belarri jardutea ez du oso argi ikusten, “egoera nahiko zaila delako”. “Geroz eta gutxiago hartzen dute aintzat argazkilarien lana medioetan; argazkilari asko kaleratzen dituzte freelance-ak kontratatzeko. Gustatuko litzaidake argazkilari legez lan egin ahal izatea, baina nahiko kaskarra da egoera”. Bere ustez, erakusketa honek “(argazkilari gisa) zilegitasuna eman eta New Yorkeko eta Euskal Herriko hainbat ate zabalduko” dizkio.

Erakusketari buruzko informazioa

VERLE ANNIS GALERIA 
University of Southern California

Apirilak 24-28

Ordutegia: 10:00-18:00
Inaugurazio ekitaldia: Apirilak 24, 18:00-20:00
Erakusketaren Facebook orria
Koitzen web gunea: Koitzphoto.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia