euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Koitz argazkilari nafarraren erakusketa inauguratuko da bihar New Yorkeko Euzko Etxean, Mendeurrenerako bidean

2012/10/26

"Dallas Dubois", New Yorkeko Euzko Etxean ikusgai izango den Koitzen lanetako bat (argazkia Koitz)
"Dallas Dubois", New Yorkeko Euzko Etxean ikusgai izango den Koitzen lanetako bat (argazkia Koitz)

PUBLIZITATEA

New Yorkeko Euzko Etxea buru belarri ari da elkartearen Mendeurreneko ospakizunak antolatzen. Iragan urriaren 22an abiatu ziren ekitaldiak, afari batekin, eta 2013ko urriaren 12an bukatuko dira, Mendeurreneko Galarekin. Elkarteak prestatu dituen ekitaldien artean bi argazki erakusketa izango dira ikusgai urte bukaera bitartean Euzko Etxean. Argazkilariak biak ala biak nafarrak dira: Koitz (Luis Foncillas) eta Antonio Castro. Koitzen erakusketa bihar inauguratuko da, larunbatean, eta urriak 4a arte egongo da. Antonio Castrorena, aldiz, abenduaren azken astean erakutsiko da euskal etxean. Aitzol Azurtza izan da bi erakusketen koordinatzailea.

New York, Estatu Batuak. Erakusketak New Yorkeko Euzko Etxeak Mendeurrena dela eta antolatu dituen jarduera kulturalen parte dira. Elkartea AEBetan dauden 40 bat euskal etxeen  artean aitzindaria da eta 2013ko urrian beteko ditu 100 urte horiek. Datorren urtean beste urtebetze bat ere izango da gainera, Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak, NABOK, 40 urte egingo baititu.

Bihar bertan inauguratuko da Euzko Etxean lehen erakusketa, eta egilea elkarteko kide eta New Yorkeko euskal gizataldeko kide bat izango da: Koitz (Luis Foncillas), Iruñean jaioa baina orain dela 20 urte New Yorkera etorria. Ikus-entzunezko arloan lan egiten du Koitzek eta, kazetari gisa, Radio Euskadiren berriemaile da AEBetan. Azken hamarkadan egin dituen argazki lanetan hiria, bertako gaueko bizitza eta arte jarduerak islatzen ditu eta hainbat aldizkaritan argitaratu dira, hala nola, The Daily News, The New York Post, Time Out NY, Ars Magazine, DNA edo El Tiempo.

Erakusketarako Koitzek Fire Island deritzon uhartean egindako argazki sorta aukeratu du. Fire Island-en udan gay komunitatearen topaleku bihurtzen diren bi herrixka daude: Cherry Grove eta The Fire Island Pines. Koitzek bertako bizimodua, jaiak eta pertsonaiak islatzen ditu bere argazkietan. "It's Good to Be Us. A Summer Day on Gay Fire Island" erakusketa bihar bertan inauguratuko da eta azaroaren 4a bitartean egongo da ikusgai.

Koitz Erakusketa EENY 2012

[Koitz Foncillas-en erakusketa ateak irekitzeko gertu dago New Yorkeko Euskal Etxean (argazkia Koitz)]

Antonio Castro

Abenduaren azken astean, aldiz, Antonio Castro argazkilariaren erakusketaren txanda izango da. Castro argazkilaritzan murgildu da, TVE telebista kate espainiarra utzi zuenez geroztik. Antzerki munduko argazkiak egiten ditu batez ere eta El País, El Mundo, ABC eta antzerki alorreko egunkari eta aldizkariek argitaratu dituzte.

2010eko abenduan Madrileko Quorum galerian egin zuen lehendabiziko erakusketa, “Escenas y miradas de teatro” izenburupean. Ondoren Tudelako Gaztambide antzokiaren inaugurazioan eta Madrileko Fernan Gomez antzokian izan da ikusgai.

New Yorkeko erakusketarako antzerki munduko 15 argazki aukeratu ditu Castrok: antzelanak, aktoreen erretratoak...

-Koitz, www.koitzphoto.com
-Koitz Facebook-en, www.facebook.com/koitzphoto
-Antonio Castro, email
-Euzko Etxearen Menderrenaren webgunea: www.eeny2013.com
-Euzko Etxearen webgunea: www.newyorkbasqueclub.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia