euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal margolariak Txinan: Alain Urrutia eta Luis Candaudap bilbotarrek erakusketa irekiko etzi Beijing-en

2011/09/22

'Koiotea eta Otsoa' erakusketa MA Studioan izango da ikusgai etzi (argazkia MAStudio)
'Koiotea eta Otsoa' erakusketa MA Studioan izango da ikusgai etzi (argazkia MAStudio)

PUBLIZITATEA

Larunbat honetan Alain Urrutia eta Luis Candaudap margolari bilbotarrek azken bi hilabeteetan Txinan egin dituzten lanak erakutsiko dituzte, 24 orduz, Beijing-eko MA Studioan. 'Goazen Txinara 2011!' egonaldi-bekari esker izan dute bi sortzaileek asiar herrialdean egoteko aukera, eta egonaldian zehar bizi izandakoak isla utzi du etzi aurkeztuko dituzten lanetan. Judas Arrieta artista hondarribiarra da MA Studioko burua eta egoiliar beka honen sustatzailea, Etxepare Institutuaren sostenguarekin. EuskalKultura.com-ek berarekin hitz egin du esperientziari buruz.

Beijing, Txina. Pozik agertzen da Judas Arrieta aurtengo 'Goazen Txinara 2011!' egoiliar bekaren emaitzarekin. Programak bi beka eman ditu aurten, bi margolariri eman ere: Alain Urrutia (Bilbo 1981) eta Luis Candaudap-i (Bilbo 1964). Urrutia proiekzio handia duen margolari gaztea dela dio Arrietak, eta, Candaudap, aldiz, margolari ezaguna oso: "Euskal Herriko eta estatu espainoleko arte bilduma garrantzitsu gehienak bere lan bat edo gehiago dituzte", dio. "Bilboko Arte Ederretako irakaslea izan zen eta euskal margolari gazteentzat erreferente bat da".

Candaudap bezalako artista ezagun batek egoiliar programa honetan parte hartzea ekimenak sortzen duen interesaren seinale da. "Aurtengo ediziora 80 proiektu aurkeztu ziren, iaz bezala", azaltzen du Arrietak. Egoiliar programaren hirugarren edizioa da aurtengoa, eta bekaren bidez bi artistek bi hilabete igaro ahal izan dituzte Beijing-en, bertako artistekin harremanak sustatuz eta txinatar kultura ezagutzen.

Artista komunitatea

"Artistek Txinarekin harremana duen proiektu bat aurkeztu behar dute, eta interesgarria da ikustea proiektu hori nola aldatzen den, hemen egoten diren bi hilabete horien ondoren", adierazten du Arrietak. Artistek, MA Studioan egiten dute lan denbora horretan, eta bertan txinatar artista ugari ezagutzeko aukera izaten dute.

"MA Studioa '318 Komunitatea' izena duen lekuan dago eta artista atzerritar eta txinatar askok dute lantokia hor. Elkarren lana zuzenean ikusteko aukera izaten dute eta hori oso aberasgarria da, bai euskaldunentzako eta baita txinatarrentzako ere", gehitzen du.

24 orduko erakusketa

Arrieta duela sei urte heldu zen Beijing-era, beste egoiliar beka batekin, eta Madrilen irabazi zuen sari baten dirua estudioa montatzeko erabili zuen, bertan gelditzea erabakiz. Orain hiru urte hasi zen euskal artistentzako egoiliar beka hau sustatzen. "Gabezia bat zegoela ikusten nuen; Shanghain eta Beijing-en euskal enpresetako langileak baziren, baina artistarik ez".

Alain Urrutiak eta Luis Candaudap artistek sortutako margolanak datorren larunbatean, egunean zehar egongo dira ikusgai MA Studioan, arratsaldeko hiruetatik aurrera. "Egonaldiaren bukaeran jaia eta erakusketa egiten dugu eta artisten katalogoa ere argitaratzen dugu. Inguruko artistak bildu ohi gara erakusketara, 50-80 lagun inguru. Helburua, horrez gain, urtero estudiotik kanpo erakusketa bat egitea da".

-'Goazen Txinara! 2011' bekari buruzko informazio osoa, MA Studioaren webgunean, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia