euskal diaspora eta kultura
2012/11/27
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik adierazi denez, euskaraz lan egin, idatzi, ikasi edota jolaserako orduan oso erabilgarriak dira tresna horietako gehienak, eta, erabiltzeko oso errazak izateaz gain, doan eskura daitezke. Sarritan, ordea, erabiltzaileek asko ez dituzte ezagutzen, eta ezagutzen dituzten kasuetan ere, ez dakite nora jo erabiltzeko. Arazoari konponbidea eman nahirik Klik euskaraz sareko euskarazko tresnen kanpaina abiatu du, azaltzen du Jaurlaritzak ohar batean.
Helburu horrekin, segitzen du, atzotik hasita eta abenduaren 2ra arte Klik euskaraz bannerrak jarriko dira hamaika hedabidetan, hala nola Goiena, Sustatu, Argia, Gaztezulo, Eta kitto, Zuzeu, Euskalkultura.com, Uztarria, Kronika, Aiaraldea eta Hirinete-n. Bereziki publiko euskaldunarentzako kanpaina da, baina euskara ikasten ari direnek ere baliagarri izango dituzte sareko tresnok.
Horrez gain, 1.500 mahai-gaineko banatuko dira administrazio publikoetan. Mahai gaineko horiek, alde batetik, Klik euskaraz kanpainaren berri ematen dute; bestetik berriz, Nahi baduzu, nirekin euskaraz leloa daramate. Beraz, alde batera begira edo bestera, nahi-eran erabiltzeko aukera ematen dute.
Orotara 16.500 triptiko banatu dira, beraz, Euskal Auitonomi Erkidegoko udaletxe, euskaltegi, liburutegi, unibertsitate, ospitale eta osasun-zentroetan. Bertan, euskarazko tresna guztiak biltzen dituen helbidearen berri emateaz gain, tresna esanguratsuenak zein diren azaltzen da, hala nola, itzultzaile automatikoa, Xuxen, Hiztegiak, Euskalterm, Euskarazko softwarea, Toponimiako datu basea, Euskarazko IKTen inbentarioa, Sareko euskal gramatika, Euskararen autoikaskuntza online, etab.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Iván Igartuaren esanetan, “online dauden euskarazko tresna guztiak sortzeko ahalegin handia egin da, bai ekonomikoa eta baita teknologikoa ere. Beraz, tresna horiek erabiltzaileei onura ekarri behar diete, eta bide batez, baita euskarari ere. Horretarako baina, tresna horiek ezagutarazi egin behar dira eta horretan saiatu gara kanpaina honekin, euskal erabiltzaileak erreminta horiek guztiak sailkatuta dauden Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren orrialdera bideratzen, hain zuzen ere”.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus