euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Klaus Niebel euskaltzale alemanaren artxiboa dohaintzan jaso du Frankfurteko Euskal Liburutegiak

2013/09/11

Ingo Niebel, Klaus Niebelen semea, Berlingo Euskal Etxeak 2012an antolatu zuen hitzaldi batean (argazkia BerlinEE)
Ingo Niebel, Klaus Niebelen semea, Berlingo Euskal Etxeak 2012an antolatu zuen hitzaldi batean (argazkia BerlinEE)

PUBLIZITATEA

Frankfurteko Goethe Unibertsitateko Euskal Liburutegiak eta Euskal Ikasketen Zentroak Klaus Niebel zenaren Euskal Herriari buruzko aldizkari, liburu eta dokumentu bilduma jaso dute berriki, dohaintzan. Niebelen familiak eman du artxiboa, Euskal Liburutegiaren bidez euskal gaietan sakondu nahi duten alemanen esku jartzeko. Dohaintza Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin burutu da.

Frankfurt, Alemania. Klaus Niebel alemana 1960ean joan zen lehen aldiz Euskal Herrira, Gernikako Astra arma lantegian lan egitera. Orduan ez zuen Gernikaren bonbadarketaren berririk eta ez zekien ezer ez euskarari buruz. Urtebete beranduago Alemaniara itzuli zenean, garai harten espainiar estatura zetozen alemanek ezagutzen ez zuten errealitatearen berri zabaltzen ahalegindu zen.

Koloniatik Euskal Herriko lagunekin harremana mantentzen jarraitu zuen, bereziki Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina zenarekin. Euskal kultura eta historiari buruzko informazioa trukatzen zuen berarekin eta Niebelek Alemanian ezagutzera ematen zuen. Lan horregatik 2000. urtean Durangoko Azokak Argizaiola saria eman zion.

Humboldt inspirazio iturri

"Guillermo von Humboldt, 1801ean Europan Euskal Herriaren berri zabaltzen hasi zen alemaniarra, gure aitarentzat inspirazio iturri izan zen", azaldu du familiaren izenean Klaus Niebelen seme nagusi Ingok. "Hortik dator aitak Euskal Herriari buruzko era guztietako informazioa bildu eta gordetzearen arrazoia".

Bilduma hain da zabala Niebel familiak iragan uztailean Frankfurteko Euskal Liburutegiari dohaintzan ematea erabaki zuela, horrela euskal gaietan interesa duten alemanentzat eskuragarri izan dadin.

"Etorkizunean liburu hauek unibertsitatearen katalogoan izango direla espero dugu eta liburutegien bidalketa sistemaren bidez urrun dauden alemanek ere eskuratu ahal izatea. Orduan beteko bailitzake gure aitaren gurari nagusietako bat: atzoko eta gaurko euskaldunei buruzko ezjakintasuna desagartzea, azkenik", gehitu du.

Ehundaka aldizkari eta liburu

Dohaintza iragan uztailean burutu zen, Goethe Unibertsitateko euskara irakurle Mikel Babianok EuskalKultura.com-i agertu dionez. Hizkuntzalaritza eta euskal literaturari buruzko ehundaka liburuk eta aldizkarik osatzen dute artxiboa: "Euskera" aldizkariaren bilduma, RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos), Euskal Herriaren Lagunen berri buletinak, Euskaltzaindiaren historiari buruzko liburuak, argizaiolak eta beste hamaika argitalpen, hala nola "Euzkadi", "Punto y Hora de Euskal Herria", "Vizcaya" eta "Vida vasca" aldizkarien aleak.

Horrekin batera familiak egunkarietako artikulu bilduma zabala ere eman du dohaintzan, frankismoaren garaitik 80. hamarkada bitarteko euskal gatazka politikoaren gorabeherak jasotzen dituena.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia