Bilbo, Bizkaia. Ohi bezala, diasporako euskara ikasle andana polita partaide izango da edizio honetan bihar asteazkenean, ekainaren 8an, Bilbo Zaharra Ikastegiak antolaturik, Arriaga Antzokitik egingo den Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren edizio berri batean, bakoitza hautatutako liburuaren pasarte bat irakurriz, Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' liburua delarik aurtengo obra. Irrakurraldia 8:00etatik 14:00etara egingo da etengabe, eta ordutegi horretan zuzenean EiTB.eus-en bidez segitu ahal izango da.
2008a geroztik Bilbotik euskara eta euskal literatura lokarri munduratzen den ekitaldiak 200 bat pasarte irakurle izango ditu zuzenean Arriaga bertatik eta beste 300 batek kanpotik hartuko du parte, digitalki, pantailetan eskainiko dien bideoen bidez. Horien artean ezin izango dute hutsegin Diasporako partaideek, 33 bideo grabatu baitzaizkie 16 pasarte irakurriz. Partaidetza finkoa da eurena, euskararen egutegian urtero gorriz markatuta dagoen hitzordu honekin bat eginez.
Arrecifeseko euskal etxearen ehun urteak
Aurtengoan, protagonismo berezia izango du, gainera, Diasporako partaidetzen artean, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeak, elkarte euskal argentinar hau 100 urte betetzen ari baita. Karia horretara irakurritako pasartea bideo honetan ikus daiteke.
'Martutene' ardatz duten hainbat hitzaldi ere antolatu ditu Bilbo Zaharra Forumak urtean zehar, eta irakurraldi publikoaren aurrerako antolatu ditu azken biak. Atzo astelehena, Joseba Sarrionandia, Pilar Kaltzada eta Aingeru Epaltza aitu ziren Euskaltzaindiaren Bilboko Plaza Barriko egoitzan hizketan, eta gaur asteartea, berriz, Laura Mintegi eta Ur Apalategik hartuko dute hitza, 19:00etan bi kasuetan, sarrera librearekin, eserlekuak bete artean.
Hauek dira bihar Diasporatik parte hartuko duten Euskal Etxeak, Etxepare Euskal Institutua lankide:
-Bartzelonako Euskal Etxea, Bartzelona, Katalunia
-Habanako Euskal Etxea, Habana, Kuba
-Madrilgo Euskal Etxea, Madril
-Bruselako Euskal Etxea, Belgika
-Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxea, Sao Paulo
-Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxea, Valladolid
-Mexikoko Euskal Etxea, Mexiko Hiria
-Valentziako Euskal Etxea, Valentzia
-Antioquiako Gure Mendietakoak Euskal Kultur Fundazioa, Kolonbia
-Palma de Mallorcako Artea Euskal Etxea, Palma de Mallorca
-Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxea, Salto, Uruguai
-Gure Txoko Basque Club, Sydney, Australia
-Txileko Euskal Gizataldea, Santiago, Txile
-Pariseko Eskual Etxea, Paris
-Euskal Erria Euskal Etxea, Montevideo
-Euzko Etxea, Santiago, Txile
-Eusko Brasildar Etxea, Sao Paulo, Brasil
-Bordaleko Euskal Etxea, Bordele, Frantzia
-Euskaldunak Association des Basques du Quebec, Montreal
-Valparaisoko Eusko Etxea, Txile
-Trujilloko Euskal Etxea, Kolonbia
-London Basque Society, Londres, Ingalaterra
-Berlingo Euskal Etxea-Gernika Deutsch-Baskischer Kulturvererein E.V., Berlin
-Limako Euskal Etxea, Peru
-Japonia, Hiromi, Japonia
EE hauetako euskara ikasleekin batera irakurle izango dira Argentinatik, FEVAko kide diren hainbat euskal etxetako ikasleak, AEBan NABOko kide direnak, eta Uruguain FIVUko parte direnak. Baita ere Argentinan Euskal Echea ikastetxeak Buenos Airesko Sarandin eta Llavallolen dituen bi egoitzetako ikasleak [gogora dezagun bi mila ikasle dauzkaten eskola hauetako ikasleentzat euskara euren ikasketa planeko ikasgaia dela] eta Estatu Batuetan BSU unibertsitateko Etxepare Euskal Institutuko irakurletzako euskara eta euskal kultura ikasleak.