euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Klaseak iragartzeko Kartel Lehiaketa eta Euskara Agirien banaketa Villa Mariako Euskal Astean

2013/09/09

2012ko ikastaroak iragartzeko irabili zen afixa
2012ko ikastaroak iragartzeko irabili zen afixa

PUBLIZITATEA

Cordoba probintzia argentinarreko Villa Maria hiria izango da aurten Euskal Astearen egoitza, Argentinako eta munduko beste herrialde batzuetako euskaldunen bilgarri. Azaroaren 8tik 10era, euskal kultur adierazpen anitz sustatuko dira ekitaldian eta hizkuntza bera ez da festa erraldoi honetatik kanpo geratuko. Izan ere, Euskararen zabaltzearekin zerikusi handia duten bi ekintza burutuko dira Aste Nazionalean: 2014ko euskara ikastaroak iragartzeko afixa hautatuko da; weta agiriak eskuratuko zaizkie iaz HABEren azterketak gainditu zituzten Euskara Munduan programako irakasle eta ikasleei. Agirien banaketa larunbateko Antzokiko Gau Ikuskizunean gauzatuko da.

Villa Maria, Argentina. “Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?” dio Oskorriren abesti ezagunak eta, kontzeptu hori bereganatuz, gero eta lagun gehiagok ikasten dute euskara Euskal Herritik hamabi mila kilometrora. HABE eta FEVAren eskutik mota askotako ikastaroak antolatzen dira urtero eta ikasleak eta irakasleen esku uzten da, baita ere, klaseak sustatzeko afixak egiteko arduraardura.

2014ko klaseetarako Kartel Lehiaketa martxan dago jadanik eta FEVAk eta Villa Mariako Euzko Etxea Euskal Etxeak plazaratutako oinarriak hauexek dira:

-Parte hartzaileak: aurtengo proposamenean Argentina, Brasil, Uruguai eta Txileko euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleek daukate parte hartzea, banaka edo taldeka, kartel bat edo gehiago aurkeztuz.
-Gaia: 2014ko euskal etxeen euskara klaseen zabalkundea izango da. Kontuan izan behar da difusioa euskal etxeetatik kanpo, hau da, ‘euskara’ hitzaren esanahia eta Euskal Herriko beste hainbat ikur ezagutzen ez diren lekuetan ere jarriko direla kartelak.
-Neurriak eta materialak hauexek: 0,35 0,50m, kartoizko euskarrian, pintura edota errotuladorez egindakoa. Ez dira onartuko arkatzez daudenak. Kartelaren behealdean egilearen izengoitia jarri behar da, eta gutunazal itxi batean bere benetako datuak: Izen-abizenak, DNI zenbakia, Telefono zenbakia, helbide elektronikoa, herria eta euskal etxearen izena, euskal etxeko euskara erreferentearen izena, eta ikasle edo irakaslea den.
-Bidaltzeko epea: Lehiaketan parte hartzeko lanak bidaltzeko epea azaroaren 1ean bukatuko da eta hona, bidaltzeko helbidea:
Kartel Lehiaketa- Concurso de Afiches de Semana Vasca
Centro Vasco Euzko Etxea
Lisandro de la Torre 33
(5900) Villa María, Córdoba - ARGENTINA

-Sariak: sarituak diploma/aipamena eta euskarazko materiala jasoko ditu eta bere kartela euskara klaseak sustatzeko material guztietan agertuko dela jakitearen poza. Sari banaketa, Euskal Astearen agur bazkarian egingo da, azaroaren 10eko eguerdian.
-Epaimahaikideak: Euskal etxeak aukeratutako adituek osatuko dute epaimahaia.

HABEren azterketen agiriak

1990ean hasi zen Argentinan euskara ikasi/irakasteko programa ofiziala eta urte horretatik etengabe ehunka ikasle trebatu dira euskal etxeetan. HABE eta FEVAren babespean programa sendotuz joan da eta iaz jauzi kualitatibo bat eman zuen.

Ezohiko deialdi batean, HABEren azterketak egin zituzten 2012ko urrian Buenos Airesen Euskara Munduan programako hainbat ikasle/irakaslek. Esperientzia arrakastatsua izan zen oso eta hori dela eta aurtengo Euskal Astean azterketak gainditu zituzten ikasleei agiriak eskuratuko zaizkie. Larunbateko Antzokiko Gau Ikuskizunaren baitan Eusko Jaurlaritzaren ordezkari zein FEVAko agintariek izango dute diplomak banatzeko ardura.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia