euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uriberen poesia, podcastak, irratiak zuzenean... ipintzen ditu GUAUk eskuragarri euskaraz eta gaztelaniaz

2025/03/31

Segitu ahal izango dituzu aldiberean, Euskal Herrian bazina bezala, musika eta komunikabide publikoen emaitza guztiak
Segitu ahal izango dituzu aldiberean, Euskal Herrian bazina bezala, musika eta komunikabide publikoen emaitza guztiak

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. GUAU-Gure Audioa du izena EITBren audio unibertso osoa eta euskal komunitatearen audio eta podcasten produkzioak eskuragarri jartzeko sortutako doako streaming plataforma berriak. 2024an iragarri zen lehenik, baina azkenik joan den otsailaren 6an aurkeztu eta geroztik dabil martxan, irratiko eta streaming plataformetako euskal erreferenteek parte hartu zutelarik aurkezpen-jaialdian.

GUAU plataforman zuzenean entzun daitezke, internet bidez eta munduko edozein txokotatik, EITBko sei irratiak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika eta Euskal Kantak), 100tik gorako irratsaio, hainbat podcast eta bideopodcast, eta baita eurek ekoiztutako eduki originalak ere. Azken finean, euskal hedabide publikoek ekoitzitako kalitate handiko eskaintza zabala, euskaraz zein gaztelaniaz.

Nola erregistratu

Egun-eguneko berriak entzun, elkarrizketa berezi bat errepasatu edota egileen beren ahotsetan literaturaz gozatu nahi dutenek GUAU plataforma erabilzen hastea baino ez dute. Horretarako plataformara sartu daitezke zuzenean guau.eus webgunean edo Play Store eta App Store guneetan aplikazioa jaitsiz (Android eta iOS). Chromecast bitartez (telebistan, bozgorailu adimendunetan) erreproduzitu daiteke. Laster Smart TV gailuetan (botoi gorria sakatuz) ere egongo da eta aurten bertan ibilgailuetan, mugikorra sistemaren pantailara konektatuz erabili ahal izatea aurreikusten da.


Adibide gisa, Kirmen Uriberen 'Nire ametsetan hogei urte duzu beti' poesia bilduma

Primeran (euskarazko eta euskal streaming plataforma) eta Makusi (haur eta gaztetxoentzako euskarazko lehen plataforma) bezala, GUAU doakoa da eta nahikoa da erregistratzea edukiak entzuteko. Izan ere, Primeran eta Makusi-ko erabiltzaileek ez dute berriz ere erregistratu beharrik, eta zuzenean sartu daitezke plataforma berrira beste plataformetako kontu berberekin.

“EITBren marka digital berria da GUAU, kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategia sendoan aurrerapausoa”, azaldu dute euskal multimediatik. “Audio-edukiak sortu eta banatzeko erreferentziazko plataforma honekin, EITBk euskal gizartearentzat erreferente izan nahi du, eta, beste behin ere, euskal kultura eta errealitatea mundura zabaldu, ahalik eta pertsona gehienengana iritsiz”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia