Kirmen Uribe idazle ondarroarraren "Mussche" liburuak harrera oso ona izan du Japonian eta urteko bost liburu onenen artean hautatua izan da. "Mussche" azaroan argitaratu zen herrialde honetan, eta epe labur honetan literatura adituen kritika oso onak jaso ditu. Eleberria euskaratik itzuli du, zuzenean, Nami Kaneko itzultzaileak.
Tokio, Japonia. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, Kirmen Uribe idazlearen "Mussche" eleberriak indartsu hasi du bidea Japonian. Iragan azaroan argitaratu zen lana eta dagoeneko urteko bost liburu onenen artean hautatu du Hon no Zasshi literatura aldizkariak.
Urteko hamar liburu onen zerrenda egin du aldizkariak eta bertan Uriberen bigarren eleberria hirugarren postuan agertzen da. Zerrenda honetan Japoniako eta atzerriko idazleak agertzen dira. Uribek konpainia ona du zerrendako idazleen artean, izan ere, besteak beste Michel Houllebecq, David Mitchell edo Kazuo Ishiguro ere agertzen dira bertan.
"Mussche" zuzenean itzuli du euskaratik Nami Kaneko itzultzaileak eta abenduaren hasieran aurkeztu zen Txinan eta Japonian Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Kanekok itzuli zuen ere Uriberen "New York - Bilbao - New York" japonierara, orduan ere euskaratik zuzenean, eta eleberri hark ere harrera beroa izan zuen japoniar irakurleen artean.
Hauek dira Japoniako urteko bost libururik onenak:
1. The Magician on the Footbridge (Wu Ming-yi, taiwandarra)
2. The Thousand Autumns of Jacob De Zoet (David Mitchell, ingelesa)
3. Mussche (Kirmen Uribe)
4. The Buried Giant (Kazuo Ishiguro)
5. Soumission (Michel Houellebecq)