euskal diaspora eta kultura
2008/07/02
PUBLIZITATEA
Madril, Espainia. Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal euskal artistek osatutako laukotea 2003ko martxoan bildu zen New Yorkeko zenbait lokaletan bira labur bat egiteko. Mikel Valverde ilustratzailea ere amerikar lurraldera abiatu zen taldearekin batera eta Estatu Batuetako hiri handi honetako esperientzia kontatzeko 'Zaharregia, txikiegia agian' CD-liburuan bildu zuten. Gainera, Arkaitz Basterra errealizadoreak birako pasarteak grabatu eta 'Agian.Maybe' dokumentala egin zuen. Lan hau Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten 2006. urtean.
Azken hilabeteetan laukotea Alemanian eta Irlandan aritu da lanean eta bihar bertan espainiar hiriburuan geldialdia egingo du 'CaixaForum-Madril' gizarte eta kultur zentroan poesia eta musika errezitaldia eskaintzeko. Eraikuntza iragan otsailean inauguratu zen eta beste zenbait poeten artean Kirmen Uribe gonbidatu zuten. Ondarroarrak bere hiru poema errezitatu zituen euskaraz eta gazteleraz: 'Kokua' eta 'Txoriak neguan' eta 'Jaiotza' lan berriak. Aretoa jendez gainezka egon zen eta azkeneko poema honek txalo zaparrada polita ekarri zion Uriberi aurkezpenera bildutakoen artetik.
Euskal poetarekin batera, maila handiko beste zenbait espainiar artista aritu ziren, hala nola, Angel Gonzalez, Luis Garcia Montero, Francisco Brines, Andres Trapiello, Chantal Maillard eta Luisa Castro. Bestalde, artista euskaldunak Bartzelonara abiatuko dira hilaren 23an kataluniar hiriburuko 'CaixaForum' zentroan beste poesia errezitaldi bat eskaintzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus