euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribek 'Izurdeen aurreko bizitza'ren alemanezko bertsioa aurkeztuko du Berlin, Hanburgo, Frankfurt eta Bremenen

2023/10/16

'Das Vorleben der Delfine' da, jatorrizkoan 'Izurdeen aurreko bizitza' nobelaren alemanezko titulua, dagoeneko salgai
'Das Vorleben der Delfine' da, jatorrizkoan 'Izurdeen aurreko bizitza' nobelaren alemanezko titulua, dagoeneko salgai

PUBLIZITATEA

Berlin, Alemania. Kirmen Uriberen 'Izurdeen aurreko bizitza' (Susa, 2021) nobela alemanez argitaratu du Berlin Verlag (Piper) etxeak Das Vorleben der Delfine titulupean. Stefan Kutzenberger idazle eta itzultzaile austriarrak egin du itzulpena eta bihar asteartetik aurrera aurkeztuko dute hurrenez hurren Berlin, Hanburgo, Frankfurt eta Bremenen. Aurreneko ekitaldia bihar urriaren 17an egingo da Berlingo Cervantes Institutuan, Kirmen Uribe Berlingo Gernika euskal elkarteko Maddalen Subijana euskara irakaslearen galderei erantzuten. Liburua euskaraz eta alemanez irakurriko dute.

Asteazkenean, urriaren 18an, Hanburgoko saioaren txanda izango da eta bertan jendaurretuko dira Uribe eta Stefan Kutzenberger itzultzailea. Larunbatean, urriaren 21ean, Frankfurteko Liburu Azokan emango du hitzaldia idazle ondarroarrak, Kutzenberger eta Brigitte Kleinerekin batera. Eta urriaren 23an, astelehena, Bremengo Globale Jaialdian hartuko du parte Kirmen Uribek, Florian Borchmeyerrek lagunduta.

New Yorken idatzitako liburua

Gogora dezagun 'Izurdeen aurreko bizitza' New Yorkeko Liburutegi Publikoko bekari esker idatzi zuela Kirmen Uribek eta obrak Espainiako Kritika Saria jaso zuela 2022an. Kritikak liburuaren forma goraipatu du, oso egitura konplexua baitu, ahots, lengoaia eta ikuspuntu desberdinak harilkatuz.

Hau dio liburuaz Susa argitaletxeak: "Uri, Nora eta bien seme-alabak New Yorkera lekualdatuko dira liburu honetan. Rosika Schwimmer sufragista eta bakezalearen bizitzan oinarritutako nobela bat idatzi nahian ari da Uri: nola hazi zen zaldi eta kontzertu artean, nola lotu zen emakumeen askapen mugimendura, nola antolatu zuen Gerra Handiari aurre egin nahi zion bake-ontzia. Haren urratsak ikertu bitartean, ordea, bereak ere aterako zaizkio bidera, haurtzaroko bizipenak, faro bat arrosaz margotu zutenekoa, izebarekin konpartitutakoak. Familia ezari-ezarian hirian etxe egiten doan bitartean".

Informazio gehiago:
- Piper argitaletxearen atarian
Frankfurteko liburu azokako atarian



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia