euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribek bihar hasiko du Stanforden Meanwhile take my hand liburuaren aurkezpen bira AEBko Mendebaldean

2007/11/01

Uribe eta Elizabeth Macklin itzultzailea liburua New Yorken aurkezten (arg. Charlie Lonegan)
Uribe eta Elizabeth Macklin itzultzailea liburua New Yorken aurkezten (arg. Charlie Lonegan)

PUBLIZITATEA

Kirmen Uribe idazleak Bitartean heldu eskutik liburuaren aurkezpen bira egingo du datozen egunetan Estatu Batuetako mendebaldeko hainbat estatutan. Joan den udaberrian argitaratu zuen liburua ingelesez Graywolf etxeak (Meanwhile take my hand izenburuarekin) eta harrera oso ona izan du AEBetako komunikabideetan. Uribek, Elizabeth Macklin poeta eta itzultzailea alboan duela, errezitaldiak eta aurkezpenak eskainiko ditu Stanford, Kalifornia eta Renoko Unibertsitatean eta baita ere Berkeley, Valencia (Kaliformia), Santa Fe (New Mexico) eta San Antonio-n (Texas).
Joan den udaberrian New Yorken izan zen Kirmen Uribe Meanwhile take my hand liburua aurkezten. Orain Estatu Batuetara bueltatu da bihartik aurrera Mendebaldeko kostan errezitaldi bira egiteko. 'Bira hau liburua argitaratu zenean prestatu genuen, baina geroztik hain harrera ona izan du, aurretik ez zeuden data batzuk ere sortu direla', azaldu dio idazleak EuskalKultura.com-i. Poema liburuak kritika onak izan ditu Estatu Batuetako komunikabide garrantzitsuetan, hala nola Harvard Unibertsitateko literatura aldizkarian, eta Los Angeles Times eta Washington Post egunkarietan.

Birako lehenengo irakurraldia bihar bertan izango da, Stanford Unibertsitate ezagunean. 'Stanfordek harreman historikoa du euskal kulturarekin eta egia esan duela urte batzuk jaso genuen hara joateko gonbitea, Zaharregia, Txikiegia agian ikuskizunarekin. Orduan ezin izan ginen joan, baina oraingoan bai', azaltzen du Uribek.

Kalifornia, Nevada, New Mexiko eta Texas

Hurrengo hitzorduak honokoak izango dira: etzi Cody's Books liburutegia, Berkeley-n (Kalifornia); azaroaren 5ean Valencian (Kalifornia); azaroaren 7an Kalifornia-San Diego Unibertsitatean; azaroaren 9an Renoko Center for Basque Studies-en, Nevadan; azaroaren 13an Santa Fe-n (New Mexiko) eta azaroaren 15ean San Antonion, Texasen. Azken ekitaldi hau irakurraldi eta literatur tailerra izango da.

'Ikasle eta poetekin bilduko naiz, poemak irakurri egingo ditugu, nola sortu ziren azaldu... Oso interesgarria da, poetak eta idazleak izango direnak joango direlako', aipatzen du Uribek. 'Liburutegian egiten diren irakurraldietan --joan den udaberrian New Yorken egin genituenen antzera-- entzuleek parte hartu egiten dute, galdetu, komentatu... eta giro polita sortzen da'.

Amerikako esperientziak markatuta

Estatu Batuetarako lehen bidaia 2003an egin zuen Uribek, 'Zaharregia, txikiegia agian' ikuskizunarekin. 'Harrez gero urtero bueltatu naiz, poemak argitaratu ditut hemengo aldizkarietan eta pixkanaka idazleak biltzen joan naiz', azaltzen du. Joan den udaberrian irakurle horietako batzuk aurrez-aurre ezagutzeko aukera izan zuen; batzuk, Mark Strand poeta edo Harold Bloom kritikoa bezala, ezusteko polita izan omen ziren. 'Zure hurrenekoentzat idazten duzu eta ez dakizu estatubatuar batek zure poemak nola hartuko dituen. Eta, nonbait, oso desberdina iruditzen zaie, erakargarria'.

Bira honetan Uribek irakurle gehiago ezagutzeko aukera izango du eta estatubatuar poetak egiten ari diren lanean sakondu ahal izango du. 'Bira ostean New Yorken egingo ditut egun batzuk, bertako poetekin hitz egin eta deskantsatzeko. Markatu egin nau Amerikako esperientzia honek eta nire idazkeran beste zerbait hasiko dela uste dut'.


Lotura interesgarriak

Kirmen Uriberi buruzko informazio gehiago
Literaturaren Zubitegian

Kirmen Uriberen 'Bitartean...'-ek kritika onak jaso ditu AEBtan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 30ean

Kirmen Uribek 'Bitartean...'-en bertsio ingelesa aurkeztuko du NY-en
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia