euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribe, NY-eko errezitaldiez: "Euskal Herria guk uste dugun baino gehiago ezagutzen da kanpoan"

2010/11/22

Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriak 2009ko urrian Espainiako Literatur Saria irabazi zuen
Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriak 2009ko urrian Espainiako Literatur Saria irabazi zuen

PUBLIZITATEA

Berri onak pilatzen ari zaizkio Kirmen Uribe idazleari AEBetan 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberria aurkezteko egiten ari den errezitaldi biran. Batetik, 'Brooklyn Rail' literatur aldizkari estatubatuar ospetsuak liburuaren bi atal argitaratu ditu, ingelesez. Argitalpen hau eleberria AEBetan plazaratze aldera aurrerapauso handia izan daiteke. Bestetik, Sagar Handian eginiko emanaldietara jendetza hurreratu dela diosku egileak. "Inor ez da harritzen esaten dudanean euskalduna naizela", gaineratzen du.

New York, AEB. Pozik dabil Kirmen Uribe ondarroarra New Yorken, azken urteetan bere bizitzan hainbestetan eragin izaten ari den hirian. AEBetako irakurleen artean jakinmina piztea lortu du eta gutxinaka-gutxinaka, lekua egiten ari da herrialde honetako literatura munduan. Ez da erraza, aitortzen du, izan ere "liburuen ehuneko 2a da soilik AEBn atzerriko lanen itzulpenena". Hala ere 'Bilbao-New York-Bilbao'k ate berri bat ireki du aste honetan, 'Brooklyn Rail' aldizkari ospetsuak ingelesera itzulita argitaratu dituen eleberriko bi atalei esker.

"Pixkanaka pixkanaka ari gara bidea zabaltzen. Eta hori gustuko dut, urte askotako lanaren ondorioa da: errezitalak egin, aldizkarietan argitaratu... Etengabeko lana izan da 2003tik hona. Kapituluak atera dituzte aldizkarian eta horrek lagunduko du liburuaren beraren argitalpenean", esan dio idazleak EuskalKultura.com-i.

Literatura eta neurozientzia

2003an Uribe New Yorken izan zen 'Zaharregia, txikiegia agian' musika eta poesia ikuskizuna aurkezten. Harrez gero, bere poemak lehenik, 'Bitartean heldu eskutik' poema liburua gero, ingelesera itzuli dituzte eta idazlea hainbatetan bueltatu da Sagar Handira, bere lanak aurkeztu eta errezitaldiak ematera. Azken bisita honetan 'Bilbao-New York-Bilbao' aurkeztu du Brown Unibertsitatean eta New Yorkeko Cervantes Institutuaren egoitzan, Iñaki Uriarte idazlearekin batera.

Entzuleen erantzuna oso ona izan dela dio eta hitzaldiek ezusteko ederrak ere eman omen dizkiote. "Bitxia da ze jende etortzen den entzutera. Astelehenean Columbia Unibertsitateko neurozientzia saileko burua etorri zen gu entzutera. Eta asteazkenean unibertsitatera eraman ninduen, goitik behera erakutsi zidan, baita bere laborategia ere. Ederra izan zen eguna. Tamaina horretako zientzialari batek literatura horren gustuko duela jakitea gauza handia da", azaltzen du.

Oroimena topaleku

Asteazkenean eta ostegunean Uribek New Literature from Europe jaialdian parte hartu zuen, New Yorken bertan, Europako zazpi egilerekin batera: Philippe Claudel (Frantzia), Jenny Erpenbeck (Alemania), Gerhard Roth (Austria), Radka Denemarková (Txekia), Olga Tokarczuk (Polonia), Gabriela Adameşteanu (Errumania), eta Antonia Arslan (Italia).

"Euskal Herria guk uste dugun baino gehiago ezagutzen da kanpoan", dio berak. "Inor ez da harritzen esaten dudanean euskalduna naizela. Naturaltasunez entzuten dute irakurtzen dudana". Esperientzia oso aberasgarria izan omen da. "Idazleotatik Philippe Claudel frantziarra eta Jenny Erpenbeck alemaniarra ezagutzen nituen aurretik, baina gainontzekoak ere interesgarriak iruditu zaizkit. Gure artean badugu zerbait elkarrekin, oroimenaren gaia. Idazle guztiak egin dute lan horri buruz. Baita Historiak gizabanakoaren gainean duen eraginaz. Ikasi egin dut".

'Bilbao-New York-Bilbao' liburuaren bi atal Brooklyn Rail aldizkarian (ingelesez), hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia