euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Zea Mays Liverpool-go Unibertsitateko Iberian Week-en astelehenetik aurrera

2012/03/09

Zea Mays taldeak kontzertua emango du Liverpoolgo Unibertsitatean ostiralean
Zea Mays taldeak kontzertua emango du Liverpoolgo Unibertsitatean ostiralean

PUBLIZITATEA

Liverpoolgo Unibertsitateak Iberian Week izeneko jardunaldiak burutuko ditu astelehenetik landa eta iberiar penintsulan hitz egiten diren hizkuntzei buruzko solasaldiak, literatur irakurraldiak eta kontzertuak eskainiko ditu. Euskarak bere lekua izango du, unibertsitate honetan ematen den Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoari eta Etxepare Euskal Institutuari esker. Liverpool-en izango dira, besteak beste, Kirmen Uribe poeta eta Mikel Urdangarin musikaria, Xabi Paya irakasle eta bertsolaria, Argitxu Camus historialaria eta Zea Mays rock taldea.

Liverpool, Ingalaterra. Liverpool-go Unibertsitateak Iberian Week jardunaldiak abiatuko ditu astelehenean, eta astean zehar euskara, katalana, galegoa, gaztelania eta portugesa izango dira bertan protagonista. Euskal partaidetzari dagokionez, unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurle Juan Aranak parte hartu du antolakuntzan, Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin.

Euskal ekitaldiak asteartean hasiko dira, Kirmen Uribe poetak eta Mikel Urdangarin musikariak egingo duten irakurraldi musikatuarekin. Eurekin batera Augusto Bover irakaslea izango da eta katalan poemak irakurriko ditu. Uribe euskal idazle ezagunenetakoa da eta poesia arloan zein nobelagile bezala arrakasta nabarmena izan du nazioartean. Hurrengo euskal hitzordua asteazkenean izango da, Argitxu Camus Etxekopar historialari zuberoarrarekin. Pariseko Sorbona Unibertsitatean Euskara eta Euskal Kultura irakurle den Camusek "Euskal Kultura eta Nortasuna Frantzian" hitzaldia emango du, ingelesez. 

Nola sortu poema bat hogei segundutan

Ostegunean gastronomi dastaketa tentagarri batekin hasiko da eguna eta janari portugesa, katalana, euskalduna, galegoa, sefardiarra eta andalusiarra probatzeko aukera izango da. Ondoren, arratsaldean, Xabi Payak bertsoritzari buruzko hitzaldi orijinala egingo du. Birminghameko Unibertsitateko Euskara irakurlea izateaz gain, Paya bertsolaria da eta bapatekotasunerako duen abilezia hitzaldi erakargarria eskaintzeko baliatuko du; hala iradokitzen du, behintzat, solasaldiaren izenburuak: "Euskal kantu inprobisazioa edo nola sortu poema bat hogei segundutan". 

Jardunaldiak ostiralean bukatuko dira, kontzertu batekin. Euskal ordezkaria Zea Mays talde bilbotarra izango da. Euskal musikagintzan azken urteetako talde ezagunenetarikoa da Zea Mays, eta Aiora Renteria kantariaren ahotsak marka bereizgarria ematen dio bere soinuari. Eurekin batera Misturado flamenko talde portugesa eta Manel Alvarez Trio talde kataluniarra ariko dira. 

-Iberian Week jardunaldien egitarau osoa, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia