euskal diaspora eta kultura
2011/06/29
PUBLIZITATEA
Ondarroa, Bizkaia. Kirmen Uribe Medellingo 21. Nazioarteko Poesia Jaialdian izango da larunbatetik aurrera eta zenbait emanaldi egingo ditu Medellinen eta Bogotan datorren astateazkena bitartean. Jaialdi entzutetsu honek nazioarteko poeta asko eta asko biltzen ditu urtero eta aurtengo egitarauko ekitaldi zerrenda irakurtzeak zorabioa sortzen du. Poesiak, baina, zale amorratuak ditu Medellinen eta Bogotan eta entzulerik ez da faltako ekitaldietan, urtetik urtera milaka entzule biltzen baitira jaialdira.
Uribek igandean egingo du lehen emanaldia: irakurketa kolektiboa Parque Biblioteca España liburutegian Niillas Holmberg (Finlandia, Sami herria), Giovanny Gómez (Kolonbia) eta Agneta Falk (Suedia) poetekin. Astelehenean Antioquiako Euskal Etxeko euskaldunekin bazkaria egingo du. Asteartean Bogotara joan eta beste talde irakurraldi bat egingo du han, oraingoan Carmen Ollé (Peru) eta Ataol Behramoglu (Turkia) egileekin. Gimnasio Moderno aretoan izango da, 19:00tan.
Literatur tailerra eta poesia musikarekin
Asteazken goizean literatur tailerra emango du ondarroarrak eta arratsaldean bakarkako errezitala eskainiko du R-101 antzokian, Oriol Caro musikariarekin batera. "Oriol Carok tiple kolonbiarra jotzen du, berarekin emanaldia egiten dudan lehen aldia izango da. Nik poesiak irakurriko ditut eta berak azpitik musika jarriko die", azaldu dio Uribek EuskalKultura.com-i.
Ostegunean Politécnico Jaime Isaza Cadavi auditorioan irakurraldi berri bat egingo du idazleak, Zabier Hernández (Kolonbia), Raphael Urweider (Suitza) eta Louis-Philippe Dalembert (Haiti) egileekin. Larunbatean Auditorio Alfonso Restrepo Morenon egingo du azken emanaldia, Fernando Linero (Kolonbia), Thiago de Mello (Brasil), Marcelino Dos Santos (Mozambique), Zakaria Mohammed (Palestina) eta Cees Nooteboom (Herbehereak) idazleekin.
Aurki Mexiko eta Argentinara
Azkenaldian Hegoameriketan sarriago dabil Uribe; iaz Perun eta Kolonbian, aurten berriz ere Kolonbian. 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberria Hegoameriketan Seix Barral bezalako argitaletxe indartsu batekin argitaratzearen ondorioa dela dio berak. "Horrek erraztu egiten du lana zabaltzea. Aurki Mexikon eta Argentinan ere aurkeztuko dugu", gehitzen du.
Irakurleen mezuen artean Latinamerikakoak ere jaso ohi ditu Uribek, bai bere webgunean eta facebook orrian eta baita ere bere etxean bertan. "Aurelio Arteta margolariaren familiako batek, adibidez, mezua bidali zidan [Artetaren kuadro bat aipatzen du Uribek liburuan], eta Txiletik eta Argentinatik ere izan ditut", azaltzen du. Irakurleen feedback hori biziki eskertzen duela dio eta "nobela oso euskaldun bat munduan gustagarri izateak" asebetetzen duela aitortzen du.
Kalitatearen jauzia
Azkenaldian Uribek nazioarten bere lanak eta euskal literaturak duen harreran aldaketa nabaritu duela ere onartzen du. "Aurretik, euskarak berak zuen garrantzia, baina orain literaturak hartu du. Hala ere, nik ez dut ahazten nondik natorren eta euskaraz irakurtzen dut beti, euskaraz idazten dudalako", dio.
Nazioarteko jaialdietan halako eskarmentua duen idazleak argi du zertan datzan aldaketa hori: "Jauzi handi bat egon da denontzat. Gauza exotiko bat izatetik kalitatezko literatura egiten duen herria izatera pasa gara". Kalitatezko -eta jatorriz euskaldun- literatura hori zabaltzen jarraituz, datorren neguan Gallimard argitaletxe frantsesarekin plazaratuko du 'Bilbao-New York-Bilbao". Gainera, euskal literaturak urratu gabeko lurralde exotikoetan ere berriren bat izan daitekeela iragarri du.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus