euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribe, ingeleseratutako poema liburua irakurtzen Etxeorratzen Hirian: «New Yorkek konfiantza eman dit»

2007/04/30

Kirmen Uribe aurreko irakurraldi batean
Kirmen Uribe aurreko irakurraldi batean

PUBLIZITATEA

Kirmen Uribe poetak ia hilabete egin du AEBetan. Iragan apirilaren 9an Manhattango Teachers and Writers Collaborative elkarteko egoitzan hasi zuen 'Bitartean heldu eskutik' (Susa, 2001) poema liburuaren ingelesezko bertsioaren aurkezpen bira. Washington DC, Minneapolis, New York hiriko hainbat gune --Brooklyngo Liburutegi publikoa, New Yorkeko Unibertsitatea edota City College-- bisitatu ditu. Hartfordera (Connecticut) eta Cambridgera (Massachussets) bidaiatu behar du oraindik ere. Luis Foncillas-en kronika da ondokoa, joan den asteburu honetan Berria-n argitara emana.
New Yorkeko Pen Clubak antolaturiko Munduko ahotsak literatur topaketan parte hartu zuen Uribek (Ondarroa, 1970) asteazken gauean. Heldu den asteartera bitartean, 70 bat mahai-inguru, hitzaldi eta topaketa egingo dira hirian, publikoari zabaldurik. 50 bat herrialdetako 160 idazle inguruk parte hartuko dute jardunaldi horietan: Pen Clubeko presidente Salman Rushdie jatorri indiarreko ingelesak, Paul Auster, Patti Smith eta Sam Shepard estatubatuarrek, Nadime Gordimer Nobel saridun hego-afrikarrak, David Grossman israeldarrak, Laura Restrepo kolonbiarrak, Eduardo Lago espainiarrak, Saadi Youse irakiar jatorriko ingelesak, Jean Echenoz frantziarrak eta Per Petterson norvegiarrak, besteren artean.

Housing Works bigarren eskuko liburu dendan izan zen asteazken gaueko literatur ekitaldia. Kirmen Uribe eta haren itzultzaile Elizabeth Macklin --poeta hura ere--, Francesc Parcerisas poeta katalana eta Elliot Weinberger idazle estatubatuarrak --Octavio Paz eta Jorge Luis Borgesen itzultzailea-- parte hartu zuten ekitaldian. Adin eta era guztietako ikus-entzuleak izan ziren, baina emakumeak ziren gehienak. Uriberen irakurraldi bakoitza txalotu zuten. Maiatza poema izan zen txalo gehien jaso zituena, ziur aski. Poema bat estreinakoz irakurri zuen jendaurrean: Gerrarekin hildako hitzak. Asko izan ziren amaieran Uriberengana autografo eske hurbildu zirenak. «Liburuak sinatzea eta jendeak kontaturikoa entzutea gustatzen zait gehien», dio idazleak. «Poemek bere herrialdea oroitarazten diotela esan didan errusiar bati sinatu diot, esaterako».

Irakurleak bakarrik ez, editore bat ere hurbildu zitzaion eta haurrentzako euskaraz idatziak dituen liburuak argitaratzeko asmoa agertu zion. Ez da harritzekoa beraz, Uribe gustura egotea AEBetan dagoen bitartean egiten ari den harremanekin: «New Yorkek konfiantza eman dit. Gauza bat da bizpahiru poema ingelesez argitaratzea, horiek poztasunak dira, baina oso desberdina da liburu oso bat argitaratzea eta saldu egiten dela ikustea; sinboliko izatetik erreal izatera igaro da, zerbait serioa bihurtu da, orain lan kontua da».

GAI UNIBERTSALAK

«Niretzat oso garrantzitsua da hona ekarri nauena zaintzea», dio Uribek: «Poema horiek euskaraz jaio ziren; errekara harria bota dut eta gero uhinak etorri dira. Urrats garrantzitsuak ematen ari naiz. Niretzat diaspora oso inportantea da, oso polita da munduan zehar barreiatutako euskaldunek irakur zaitzaten, baina garrantzitsua iruditzen zait era berean diasporatik irtetea ere. Ez dut soilik Euskal Herriko jendearentzat idazten. Neure begiradatik abiatzen naiz, eta hori Euskal Herrikoa da, baina munduko edozeinek bizi ditzakeen gauzak kontatzen saiatzen naiz. Ez diot utzi nahi naizena izateari, ez ditut nire sustraiak bazterrean utzi nahi, baina idazten dudana mundu osoarentzat interesgarri izatea nahi nuke».

Meanwhile Take My Hand ezagutarazteaz gain, liburu berriaz pentsatzeko astia izan du Uribek: «Idazteko eta gauzak egiteko gogo handia sartu zait hemen. Nire burua ez da geratzen, ideiak joan eta etorri egiten zaizkit, eta orain nire nobela amaitua ikusten dut». Nobelaren nondik norakoak ere kontatu ditu: «Loiu eta New Yorkeko JFK aireportuen arteko hegaldi bat da. Itsasoaz, gure herriaz eta New Yorkez hitz egiten dut, eta bi munduen arteko tentsioaz». Idazleak ez du nobela herri batean kokatuko, Atlantikoaren erdian baizik: «Lehen jendea lekuetan bizi zen, orain mugimenduan bizi da; iraganaz eta orainaz hitz egiten dut».

Kirmen Uribek bere literatur ibilbideko ziklo garrantzitsu bat amaitutzat ematen du: «Orain idazle profesionala naiz». New Yorkera sarri itzuliko dela dio, «energia eta ilusioa» eragiten diolako.

Maiatzaren hasieran itzuliko da Euskal Herrira, baina aurrez, New Yorkeko Poets Housen irakurketa egingo du, Homero Aridjis poeta mexikarrarekin, eta Nabeel Yasin irakiarrarekin batera.


GERRAREKIN HILDAKO HITZAK

Hitzak ere hil ziren gerrarekin.
Hil ziren izenak.
Amonak urtxintxa esateko
zerabilen 'katamixarra' hura adibidez.
'Ardilli' esango zioten umeek aurrerantzean.
Hil ziren aditzak.
Ahalerazkoak batez ere,
halakoxeak galtzen dira eta lehenik diktaduratan.
Hil ziren fonemak.
Eta errieta egiten zien amonak alabei,
aitari 'atxe' deitzen ziotelako, zabar,
t bikoitza ondo ahozkatu gabe.
Ez zekitelako esaten 'aitte', maitakor.
Amonaren hizkera argi dotorea,
eskuz brodatzen zituen izara zuriak bezain.
Harro eskegitzen zituen balkoian,
haizeak hegotik jotzen zuenean.
Debekatutako euskal banderaren koloreko
geranio gorri, zuri eta berdeen ondoan.
Eta errieta egiten zigun amonak bilobei,
kolore horia eta gorria bageneramatzan jantzietan.
'Franco pozik da' esanda
astintzen zituen gure haur kontzientzia txikiak.
Ezen hitzak ere hil ziren gerrarekin.
Hitzak ere bai.
Haur galtzetinak
eskegitzen ditut nik orain balkoian.
Gorriak eta horiak dira.
Tira, badute berde pixka bat tartean.
Agurtu hala ere,
amonaren modura agurtzen naiz batzuetan;
t bikoitza ondo ahozkatu eta samur
'maitte-maitte' esanez.

Kirmen Uribe, NYC, 2007-04-23.

(2007-04-27an Berria-n argitara emana)


Nazio Batuen Erakundean

Kirmen Uribe

Nazio Batuen Erakundean egiten du lan Ana Morales itzultzaileak. Hari bisita egin eta, adeitsu, eraikina erakutsi zidan. Benetan hunkitu ninduen kontuak, tristezia ere sentitu nuen. Eraikinaren gainbeherak esan nahi baita. Berrogeita hamarreko hamarkadan horren baikor eraikiko zuten, horren modernoa izango zen garai batean. Orain zahartuta dago dena. Aulkiak urratuta, itoginak nonahi. «Nazio Batuek ez daukate diru askorik», argitu dit Anak. Amerikako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoarentzat munduko gaizkileak baino ez ditu hartzen erakunde horrek, non eta New York erdian. East River ibaiaren ondoan biltzen direlako urtero mundu guztiko agintariak, baita ustez gaiztoenak ere. Gernika koadroaren kopia bat dago, telar gisa egina. Haren aurrean ematen dituzte prentsaurrekoak munduko agintariek. Afganistaneko gerra hasi behar zela eta, Collin Powell aurreko estatu idazkariak ez zuen prentsaurrekoa eman nahi izan Gernika-ren aurrean eta estali egin zuten oihal beltz batekin koadroa. Kontua ez zen gerra bat hastea gerraren kontrako sinbolorik handienaren aitzinean. Harritu ninduena da gela guztiak zabalik zeudela, osoko bilkura egiten den tribunara ere edonor joan daiteke lasai-lasai.

Ezin nuen burutik kendu eraikinaren egoera. Ez dira eta Nazio Batuek hartutako erabaki asko eta asko errespetatzen. Beldurra ematen du horrek pixkat. Ezin burutik kendu Powellek Gernika-ri egindakoa. Ez nuke nahi tela beltza mundu osora zabaltzea.

(2007-04-28an Berria-n argitara emana)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia