euskal diaspora eta kultura
2011/02/09
PUBLIZITATEA
Geneva, Suitza. Gaur arratsaldeko seietan Kirmen Uribe idazleak irakurraldia egingo du Nazio Batuek Suitzan duten egoitzan, Ama Hizkuntzen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Uriberekin batera Manuel Rivas galiziarra ariko da saioan eta Juan Cruz idazle kanariarrak egingo ditu aurkezle lanak. "Azken boladan idatzitako lanak irakurriko ditut", azaldu dio Uribek EuskalKultura.com-i. "'Bilbao-New York-Bilbao'-n agertzen den 'Jaiotza' eta beste bi lan berri-edo irakurriko ditut. Euskal Herrian egun dagoen egoera baikorrari buruz hitz egin nahiko nuke".
Horrez gain, idazlea Portugalen izango da hil honen bukaera aldera, otsailaren 23an zehatzago, 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberri arrakastatsuaren portugesezko edizioa aurkezteko. Poboa de Varzim-eko "Encontro Correntes d' Escritas” jaialdian egingo du lehen aurkezpena, eta bertan lau egun egin ostean hiriburura joango da, Lisboara, han ere aurkezpena egiteko. "Portugesez argitaratzea niretzako sekulakoa da, idazle tradizio handiko hizkuntza baita. Herri txikia izanagatik literatura handia duen herria da Portugal", esan digu Uribek.
Aurkezpen eta poema berri artean ez ezik, interneten ere badabil buru belarri azken hilabeteetan Uribe. Webgunea egin zuen iaz eta Facebook-eko orriaren bitartez irakurleekin harremana sakontzen ari da. "Komunikazio tresna oso ona da, irakurleekin kontaktu zuzenagoa ematen dit eta. Lagun batzuk eta nik kudeatzen dugu, baina aurki ni neu mezuak eta informazio gehiago idazten hasiko naiz", azaltzen du. "Hala ere 'Bilbao-New York-Bilbao' argitaratu nuenetik mezu asko jasotzen ditut posta arruntez, liburuan nire etxeko helbidea eman nuelako. Sekulako harrera izan du liburuak eta jende askok idatzi dit esanez gogora ekarri dizkiela aiton-amonak, haurtzaroa, itsasoa... Txiletik, Argentinatik, toki guztietatik heldu zaizkit mezuak. Portugesezko edizioarekin bide hori zabaltzen jarraitzea espero dut".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus