Ingalaterran da aste honetan Kirmen Uribe idazle ondarroarra, bertan aurkezteko "Bilbao-New York-Bilbao” eleberriaren ingelesezko itzulpena. Seren Books argitaletxeak plazaratuko du itzulpen hori, datorren astelehenean, Elizabeth Macklin estatubatuarrak zuzenean euskaratik itzulia. Bihartik aurrera Oxforden eta Londresen zenbait aurkezpen egingo ditu Uribek. Bestalde, Aingeru Epaltza idazlea Finlandian da, eta gaur Helsinkin aurkeztuko du “Rock’n’Roll” eleberriaren suomierazko itzulpena.
Donostia-San Sebastian. Kirmen Uribe idazleak bihar aurkeztuko du Oxfordeko Unibertsitate ezagunean "Bilbao-New York-Bilbao" eleberriaren ingelesezko itzulpena. Ondoren, ostegunean, Londreseko King's College unibertsitatean egingo du aurkezpena eta ostiralean hiriburuko "The Free Word" gunean irakurleei aurkeztuko die, Mick Felton editorarekin batera. Bira larunbatean amaituko da, "The Language Show" hizkuntz-azokaren baitan. Han ikusgai izango da Jon Garaño zuzendariaren “Urrezko eraztuna” film laburra, Uriberen izen bereko olerkian oinarritua. Horrez gain, Uribek “Bitartean heldu eskutik” olerki-liburutiko poemak irakurriko ditu.
Bira honek Etxepare Euskal Institutuaren sostengua du. Informazio gehiago, hemen
Epaltza Finlandian
Bestalde, Aingeru Epaltza idazle nafarra Finlandian da, bertan aurkeztuko baitu “Rock’n’Roll” eleberriaren suomierazko itzulpena. Gaur Helsinkiko Liburutegi Nagusian solasaldia egingo du Epalzak irakurleekin, Ouli-Minna Elgorriaga-Piippo itzultzailearen laguntzarekin. Bihar goizean, idazleak Helsinkiko Unibertsitateko euskara ikasleekin topaketa egingo du.
Amaitzeko, esan Harkaitz Cano idazlea ere atzerrian dabilela, Irlandan zehazki, bere lanak nazioartean ezagurarazten. Ostiralean Cork-en irlandar idazleekin batera literatura topaketa batean parte hartuko du, eta asteburuan Dublingo Isla Jaialdian.