euskal diaspora eta kultura
2008/12/15
PUBLIZITATEA
New York, AEB. Kirmen Uribe idazleak New Yorkera bidaia berri bat egin du egunotan, bere lehen eleberria den 'Bilbao-New York-Bilbao' lana irakurle amerikarrei aurkezteko helburuarekin. Uribe sarri izan da hiri iparamerikarrean azken urteetan: 2003 eta 2004an 'Zaharregia, txikiegia agian' ikuskizun poetiko-musikalarekin izan zen bertan, eta iaz Graywolf argitaletxean ingelesez plazaratu zuen 'Bitartean heldu eskutik' poema liburua aurkezteko bira egin zuen.
Uriberen ibilbidean azken urteetan izan duen eraginaren ispilu, New York hiriak bere lekua du poetaren lehen eleberri honetan. Kontakizuna idazle batek Bilbotik New Yorkera egiten duen hegaldi batean garatzen da eta bidai horretan hiru belaunaldien istoria dakarkigu Uribek: guda aurretik bizi izan ziren aiton-amonena, frankismo garaiko gurasoena eta berea.
Eleberriak harrera oso ona izan zuen bukatu berria den Durangoko Disko eta Liburu Azokan eta Uribek Euskal Herrian zeinbait aurkezpen egin ditu jada, musikarekin jantzirik. Horrezaz gain idazleak lanaren lehen kapituluan oinarrituriko laburmetraia ere aurkeztu du.
Gaur arratsaldean ere lehen kapitulu horretan oinarrituriko aurkezpena egingo du Uribek Manhattaneko KGB aretoan (85 East Fourth Street). Kapitulua ingelesera itzultzen Elizabeth Macklin poeta eta kolaboratzailearen laguntza izango du Uribek. Joan den ostiralean beste emanaldi bat eskaini zuen ondarroarrak Nicholas Roerich Museoan, bere poemak irakurriz, eta ostean Mary Stewart idazlearen poesia ikastaro batean parte hartu zuen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus