euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kirmen Uribe eta Aina Fullanak euren obra eta euskal eta kataluniar literatura hizpide Mallorcako EEak antolatutako tertulian

2022/08/02

Mallorcako Can Alcover-en egindako ekitaldiaren aurkezpena, eserita Aingeru Merlo, Aina Fullana eta Kirmen Uribe
Mallorcako Can Alcover-en egindako ekitaldiaren aurkezpena, eserita Aingeru Merlo, Aina Fullana eta Kirmen Uribe

PUBLIZITATEA

Palma Mallorcakoa. Kirmen Uribe eta Aina Fullana idazle mallorcatarra solaskide izan ziren joan den asteazkenean Mallorcako Artea Euskal Etxeak, hiriko Quart Creixent liburudendarekin batera, antolatutako literatura ekitaldian, Euskal Etxeko Aingeru Merlo moderatzaile. Bi idazleek onartu zuten bertaratzeko gonbidapena, Aina Fullanaren kasuan bere sorleku eta bizitoki duen Manacor-tik, eta Kirmen Uriberen kasuan, Ondarroatik, oporegun batzuk ari baita jaioterrian pasatzen, jakina denez urte batzuk baitira familiarekin batera New Yorken bizi dela, euskaraz idazten, baina Etxeorratzen Hiritik.

Solasaldia Can Alcover-eko patioan egin zen, poeta mallorcatar ospetsua izan zen Joan Alcover y Maspons-ena (Mallorca 1854-1926) izan zen etxean, gaur egun Kultura Etxea bilakatuta. Berrogei bat jendek hartu zuten parte eta interes handiz segituzten bi sortzaileen azalpen. ikusmolde eta iritziak. Hitzorduan zehar euren ibilbideko emaitza eta zati batzuk aipatu ziren, eta biek komunean dauzkaten puntu eta arloak azaleratu ziren, baita euskal eta kataluniar literaturena eta hizkuntza minorizatuetan idazten duten egileena ere.

Bi autoreen poema eta zati batzuk irakurri ziren, horien artean Kirmen Uribek bere alabari eskainitako poema ezagun bat. Ekitaldia, antolatzaileek bertaratutakoei eta bereziki bi idazleei eskerrak emanez amaitu zen, uztail hondarreko arratsalde bero batean bertara biltzeko egindako ahaleginagatik.

Hau da 'Alabari', Kirmen Uriberen aipatu poema:

ALABARI

Rudyard Kiplingek semeari idatzitako “If” irakurri eta gero

Zure bihotzaren gakoa banu
esango nizuke:

Ez utzi inori zure gainetik jartzen
are gutxiago gizonezkoa bada.
Eutsi beti zure duintasunari.
Ez ahaztu ondo lan egitea dela
pertsona duin egiten duena.
Izan zure ogibidea, inoren mende ez izateko.

Ez zaitez fida botereaz, erabili egingo zaitu.
Zaude gutxi daukatenen aldamenean.
Izan inozoa, ametsik xaloenek aldatu dute mundua.
Dena den, kontuan izan
ideiarik ederrenak ez duela zentzurik
pertsonaren bat zapalduz gauzatzen bada.

Hitz egokiak aurkituz gero
esango nizuke:
utzi bizitzen,
bakoitzak bere usteak eta bizipenak ditu,
errespeta itzazu nahiz eta zure kontrakoak iruditu.
Lagundu premia duenari,
zabaldu etxea arrotzari, zalantzarik gabe.
Errespeta sinesgabeak eta sinestunak
eta beraien fedea.

Zaindu zure hizkuntza.
Pentsa ez dela gurea soilik
mundu osoaren altxorra baizik.

Une aproposa kausituz gero,
esango nizuke:

Sekula ez sinetsi ez dagoela zer eginik,
ia beti dago aterabideren bat.
Eta ez balego, onar ezazu.
Galduz ere irabazten da batzuetan.

Onartu bizitza eta halaber heriotza.
Heriotzaz jabetzea da
ditugun egitekoen artean zailena.

Plazerari eta zoriontasunari ez ateak itxi.
Maita beti pertsona, gizon edo emakume,
azala beti hazten baita eder.
Bete zure apetak.

Horretarako adorea banu,
esango nizuke:

Gura baduzu, izan ama,
umeek erakutsiko dizute umila izaten.
Eta ez bazenu, gozatu bizitzaz bere osotasunean.

Maita oihanak eta maita hiriak.
Egon zabalik kitzika guztiei, ez izan aurreiritzirik.
Beldur bazara, onartu beldurra.
Triste bazaude, egon triste.
Ez dugu zertan izan une oro
zoriontsuak eta ausartak.
Entzun ondoan duzunari.
Entzun gazteei, entzun adinekoei.

Alaba bihotzekoa,
zaren bezala agertu.
Esan pentsatzen duzuna, nahiz eta
hurkoa mindu. Ikasi akatsetatik.
Ez izan beldur gauzak oker egiteko.
Harroa eta itsua baita dena ondo egiten duena.

Bilatu egunen joanaren edertasuna.
Sakonki bizi, baina ez azkar.
Ikasi denbora luzatzen,
gauza txikerretan arreta jartzen.
Egin zure bidea, zu zara erdigunea.
Saia ametsak betetzen eta ez utzi inori
amets horiek zapuzten.

Eta azkenik, ez egin kasu aholkuei.
Are gutxiago nireei.

Egilea: Kirmen Uribe
Liburua: "17 Segundo"
Argitaletxea: Susa, 2019



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia