euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kinku Zinkunegi 'euskararen gizona' da munduko Euskal Etxeetan, Etxepareren 'Euskara Munduan'eko koordinatzaile

2023/08/23

Kinku Zinkunegi NABO Bizi Emankorra Saria eskuetan duela Boisen, ondoan Ziortza Gandarias eta Edurne Arostegui euskara arduradunak
Kinku Zinkunegi NABO Bizi Emankorra Saria eskuetan duela Boisen, ondoan Ziortza Gandarias eta Edurne Arostegui euskara arduradunak

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Pertsona ezaguna da Jose Franzisko Zinkunegi, Kinku Zinkunegi, munduko Euskal Etxeetan. Ezaguna izan ere, euskararen irakaskuntza antolatu eta bideratzea ardura baitauka Etxepare Euskal Institutuaren 'Euskara Munduan' programako koordinatzaile gisa. Urtea euskara irakastearekin lotutako gaiekin ematen du, materiala prestatzen, barnetegiak eta ikastaroak ematen, bilerak egiten, AEBko Boisen edo Txileko Santiagon, Quebec-eko Montrealen edo Kubako Habanan, Mexiko, Argentina edo Uruguaiko bazterretan, edo Europako edozein euskal etxetan. Bere jarduerak euskal diaspora gutxik bezala ezagutzea ekarrio dio.

Euskal Herrian euskara irakasle, 1983an atera zuen plaza HABEn, eta ardurak ere bereganatu zituen, eta Hondarribiko barnetegiko zuzendaria izan zen, besteak beste. 1996an Argentinara joatea eskaini zioten, egundaino segitzen duen ibilbide diasporikoa abiaraziz. Estatu Batuetara 2000. urtean bidaiatu zuen. Apurka, mundu osoko euskal etxeak bilakatu zaizkio parrokia eta jendea euskarara erakarri eta euskalduntzen joatea du helburu. Izan ere, HABEk hasi eta egun Etxepare Euskal Institutuak segitzen duen 'Euskara Munduan' programak ahalegin berezia egiten du formakuntza eta aukerak ematen euskal etxeetako ikasleei, urrats berriak eman eta irakasle bilaka daitezen.

Hamaika lagun egin ditu, eta hamaika ikasle euskalduntzen lagundu du Kinku Zinkunegik azken 27 urteetan Diasporan. Aurten NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioak bere 'Bizi Emankorra' saria eman dio

Izan ere, egiten duen lana ez da nolanahikoa. Euskal etxe eta federazioak lankide, euskara sustatu eta ikasteko eskariei erreparatu eta kasu eman behar die, tokiko irakasleak formatzen joan, irakas materiala etengabe eta teknologia berrien eta egungo aurrerapen tekniko eta pedagokikoen arabera berritzen joan, eta euskara ikasi eta agian irakasle bilakatzeko hautua ilusioz egin duten Diasporako jendeei euren bidean lagundu, hori bakarrik eta hori guztia du eguneroko zeregina.


Bizi Emankorra jaso ondoren, Martin Goicoechearen bertsoa Wyoming-etik: "Kinku hainbeste..."


Kinku Zinkunegi hunkituta bereganako esker oneko hitz eta bertsoekin


Todor Azurtzaren bertso bidezko zoriontze-hitz eta bertsoak

Lana frango, eta momentu gogoangarriak, emaitzak datozenean. Ikasleen aurrerapena da hor saririk onena. Baina batzuetan, aurten bezala, badira bestelako sariak ere. Aurten sari berezi bat eman baitiote Diasporako euskaldunek. Bizitza oso bateko ibilbide euskaltzaleari ematen dio NABOk bere "NABO Al Erquiaga Bizi Emankorra" saria, Estatu Batuetako euskaldunen eta euskal kulturaren alde egindako lan etengabeagatik. Kinkuk Boisen jaso zuen. Plaka eskuz-esku bertako Basque Blocken emana, lagunak Estatu Batuetako hainbat lekutatik bideokonferentziaz esker onez laudorioka, NABOko agintari guztiak, aspaldiko lankide eta lagunak, Boiseko euskal gizataldeko buruak...

Kinku Zinkunegi: "Erregalu bat izan da zuekin lan egitea". "Hau nire bizitzako lana izan da, gustuko lana, eta sakon bizi izan dut Diasporarekin, Euskal Etxeekin lan egitea". Zinkunegik euskara ikasle eta irakasleak eta euren lanaren garrantzia EEetan azpimarratu zuen

Hunkitu egin zen Zinkunegi adiskidetasun eta esker oneko hainbeste hitz potolo entzunda. Bere erantzunean, aitortu zuen, "erregalu bat izan da zuekin lan egitea". "Nire bizitzako lana ian da hau, gustuko lana, eta sakon bizi izan dut Diasporarekin, euskal etxeekin lan egitea, hemen eta munduan zehar". Bereziki goraipatu nahi izan zituen munduan ikasle eta irakasle direnak eta irakasle izateko gogor lan egiten dutenak. "Lan ikaragarria egiten dute, lan zaila, esker gutxikoa askotan", baina emaitzak hor daude, "jenderik gehien mugitzen baitu euskarak euskal etxeetan", baietsi zuen.

Gogoratu zuen euskara eskolak ingelesa ama-hizkuntza daukaten ikasleei egokitzeko bidean San Frantziskora lehenengo aldiz iritsi zenekoa 2000an, gero NABOko lehendakari izan den Philippe Acheritogarayk errezibiturik, eta hiria erakutsirik. Hezinet programa besapean etorri zen AEBra, "orduan azkeneko kontua zena, garai hartan oso modernoa, eta gaur egun 'gurdi' bat". Eskerrak ematerakoan, ahotsa ahuldu zitzaion, "Martin (Goicoechea), eskerrik asko, (etena) niretzat laguna eta oso inportantea izan zara, Izaskun Kortazar, Itxaso Cayero, Aitor Iñarra, Sonia Castañon... momentu honetan Ziortza (Gandarias), Valerie Etcharren... eta beste hainbat, eskerrak baino ez ditut zuentzat, benetan erregalu bat izan zarete, erregalu bat izan da zuekin lan egitea", berretsi zuen.

Hona Martin Goicoechea, bertsolaria izateaz gain duela gutxi arte NABOko Euskara arduraduna izan denaren bertsoa, Wyoming-eko Rock Springs-etik bidalia (ikus lehen bideoa), bere emazte Ronnie Goicoechearen esker on emozionatuarekin batera:

Kinku hainbeste itzuli egin
haruntza eta honuntza
hogeita gehiago urtetan
euskara(r)i bultza ta bultza
esker bero bat, estimatzen da,
zuk egin duzun laguntza
Kinkurengatik da Ameriketan
bizi euskera hizkuntza.

Eta Todor Azurtzaren bertsoak (bigarren bideoa):

Gaurkoan etorri gera
hemen euskera ospatzera
Bizi Emankorra jasota
hemen Kinku zoriontzera
euskera irakasleak
eskertzeko dugu aukera
bizirik mantentzen dute
gizarte hontan aurrera
gure hizkuntza zabaltzen
dabiltza diaspora aldera
euskera baita sustraiak,
nortasuna ta izaera,
jarrai dezagun sustraitzen,
gure asaben hizkera
sustrai sakondun zuhaitza
ez baita erortzen lurrera,
lara, larala, larala...
sustrai sakondu zuhaitza
bizi liteke luzera.

Zorionak, Kinku!



Komentarioak

  • Zorionak Kinku

    Zorionak gure alde egiten duzun lanarendako mereximendu handiz bildua Bizi Emankorra
    gure hizkuntzak guzia balio baitu biba zu eta aniz urtez

    Baztandarra (San Francisco), 2023/08/26 14:31

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia