euskal diaspora eta kultura
2010/12/29
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Mar del Platako Euskal Astetik bueltatu berri zela harrapatu genuen Kinku Zinkunegi, Euskara Munduan programaren arduraduna, eta berri berriak zeuzkan oraindik, Argentinan Euskaraz programaren urteurrenaren karietara elkarretaratze honetan parte hartutako euskara irakasle eta ikasleei egin zieten omenaldiko oroitzapenak. HABEko teknikari eta programaren arduradun bezala, atzera begiratu eta esperientziaren balioespena egitea eskatu diogu.
-Noiz eta nola egin zen HABE Argentinan Euskaraz proiektuaren kargu?
Belaunaldi berriek euskara ez zutela bereganatzen eta ondorioz argentinar euskal etxeetatik ia desagertua zegoenez, 1989ko Euskal Astea testuinguru, Ardanza lehendakariari laguntza eskatu zioten Argentinan euskara ikasi eta euskararen presentzia euskal etxeetan bermatzeko baliabideak jar zitzan.
-Ze egoeratan zegoen orduan euskara Argentinan?
Euskararen irakaskuntza ez zen Argentinan Euskaraz-ekin hasi. Aurretik ere lan handia egin zutenak baziren. Gehienak, euskal hiztun soilak ziren, irakasleak izan gabe eskura zituzten baliabide eskasekin eta borondate handiarekin euskara gorde zedin lan aparta egin zutenak. Hala ere, jarduera nahiko behin-behinekoa izaten zen askotan, bertan gero eta hiztun gutxiago izatean, Euskal Herritik aldi baterako joandako hiztunez baliatzen ziren eta, eta horien egonaldiarekin batera bukatzen ziren euskarazko eskolak, sarritan.
-HABE ekimenean sartzeak zer ekarri zuen? Nola zabaldu zen Argentinan Euskaraz?
Hasierako erronka irakasle talde finkoa osatzea izan zen. Horretarako, euskaldundu egin behar ziren lehenik, batetik, eta irakaskuntzarako trebatu, bestetik. Horretan bete-betean aritu ziren HABE eta FEVA. Irakasleen trebakuntzaz gain, beraiek eskoletan erabiltzeko material egokiak eskura jartzea eta jarduera diruz laguntzea izan dira Argentinan Euskaraz-en --eta, geroago, Euskara Munduan-en-- lan ardatz nagusiak. Horrek, jarduera arautzea ekarri zuen eta, ondorioz, irakaskuntzaren kalitatean eragitea.
-Zenbat ikasle pasa dira programatik hogei urteotan?
Ezin dizut zehatz-mehatz esan, izan ere, hasieratik hona datuak asko aldatu dira. Esate baterako, orain 20 urteko baliabideekin 175 bat ikasleri erantzuten genien eta, gaur egun, 700 bat ikasle heldu, 250 bat txiki haurren tailerretan eta, baita ere, Buenos Airesko Euskal Echea ikastetxeetan ari diren 800 bat umerengana ailegatzen da programa.
-Zenbat euskara ikasle daude Argentinan gaur egun? Zenbat euskal etxetan ikas daiteke euskara?
Aurrekoan esan bezala urtean bataz beste 700/800 ikasle heldu aritzen dira eta Argentinako 40 bat euskal etxeetan bataz beste.
-Argentinar irakasleak trebatzea etorkizunera begira aurrerapauso garrantzitsua izan zen. Nolako emaitza ematen ari da esperientzia hau?
Erronka ikaragarria izan zen Euskal Herritik 10.000 kilometrotara bizi ziren irakaslegaiak trebatzea. Hasieran, gainera, aurrez-aurre egin behar izan genuen. 2004ko urtarriletik aurrera IKT-ei esker, internetez hasi ginen ikastaroak eskaintzen. Bidea denontzat zen berria, eta zirraragarri bezain arriskutsua. Jendearen interesa eta dedikazioari esker, ezin arrakastatsuagoa izan zen esperientzia. Parte hartzaile gehienek egiaztatu zituzten 2008an HABEren mailak, gehienek bigarrena, zenbaitek lehenengoa eta gutxi batzuk hirugarrena ere bai. Horrek animatu gintuen, 2008tik aurrera Argentinatik beste herrialde batzuetara zabaltzera trebakuntza eskaintza.
-Euskal Herrian euskara ikasteak zailtasunak baditu, zer suposatzen du Argentina bezalako herrialde erdaldun batean egiteak? Nola gainditu dira oztopo horiek?
Argi dago ez dela erraza. Euskal Herrian zaila gertatzen bada zenbaitentzat, egin kontu zer izango den 10.000 kilometrotara ikastea, gizartean euskararen presentziarik ez dagoen inguru batean. Dena dela, esan bezala, motibazio aparta dute eta horrek bidearen erdia egiten du, beste erdiak, eskura ditugun baliabideak haien premietara egokitzea eskatzen du. HABEk irakasleen trebakuntzarako duen Ikasten plataforma, Skype bidezko azalpen eta mintza-saioak, guztion artean osatzen duten Blog-a, aurrez aurreko jarduerak urtean bitan…
-Urtean bitan irakasleentzako barnetegiak bertan egiten ditu HABEk. Nolakoa da esperientzia hori?
Irakaslegaiek internetez, Ikasten plataformaren bidez, jasotzen dituzte eduki gehienak eta bakarka landu eta astero bidaltzen zaizkien edukiak. Horretarako, etengabeko asistentzia eskaintzen zaie Euskal Herritik. Seihilabetero, urtean bitan, barnetegiak eratzen dira Argentinan eta, azken urteotan, Uruguai eta Txilen ere egin dira, on-line jaso dituzten edukiak sakondu eta praktikan jartzeko. Barnetegien helburua, batez ere, mintzamenari dagozkion edukiak lantzea da. Horrez gain, urte osoan modu birtualean harremanetan egon diren irakasleak aurrez aurre topatzeko aukera izaten dute, elkarri lagundu, esperientziak trukatuz... Barnetegiak ezinbesteko pieza dira puzzle honetan.
-Pauso berriak emanez hainbat irakaslek Euskal Herrian egonaldiak egin dituzte, hemengo barnetegietan trebatzen segitzeko. Batzuk EGA agiria eskuratzea ere lortu dute. Nola baloratzen du HABEk pertsona hauen engaiamendua?
Benetan txalotzekoa da, ez bakarrik EGA agiria edo 3. maila lortu dutenen kasua, baita bigarren edo lehenengo mailako agiriak lortu dituztenena ere. Argi dago esfortzu handiagoa egin behar dutela ikasteko eta, gainera, egiaztatze frogetan Euskal Herriko bataz-bestekoaren pare edo gainetik egotea, eredugarri direla iruditzen zait.
-Argentinan Euskaraz programa aitzindaria izan da eta ekimena mundura zabaltzea ekarri du, Euskara Munduan-en bidez. Zenbat herrialdetan ikas daiteke euskara, programa honen bitartez gaur egun? Zenbat euskara ikasle daude programaren barruan?
2003ko kongresutik aurrera eman genuen saltoa Argentinan Euskaraz-etik Euskara Munduan-era. IKTen garapena erabakiorra izan da urrats hori ematerakoan. Gaur egun, Euskara Munduan programaren baitan, batetik Argentina, Uruguai, Txile, Brasil, Peru, eta Kolonbiako irakasleak ari gara trebatzen; bestetik, 2009ko irailean jarri da abian Ipar Ameriketako (AEB eta Kanada daude soilik) hamasei irakasle trebatzeko ikastaroa. Horiei guztiei esker, gaur egun, munduko euskal etxeetako erdian euskara ikas daitekeela esan dezakegu, aurrez aurreko ikastaroetan zein on-line ikastaroetan (Boga programaren bidez); guztira, 2.000tik gora dira ikasle helduak eta 1.200etik gora haurrak.
-Pertsonalki, beste hogei urte barru esperientzia honetaz bereziki zer gogoratuko duzula uste duzu? Zein izan da gauzarik bereziena zuretzat?
Ez dut sekula ahaztuko jendearen motibazio eta ilusioa euskara ikasi eta irakasteko. Adin guztietako jendea, oso jatorri eta egoera desberdinetakoa, baina denak amankomuneko gune batean elkartuak: Euskaran. Horrez gain, denei eskertu behar diet nire lana aurrera ateratzeko eskaini didaten laguntza eta zein samurra izan den, parte-hartzaile guztien jarrerari esker, zailtasun eta erronkei aurre egitea. Eskerrak ematea baino ez dut.
-Euskarak nolako etorkizuna du Argentinan?
Euskara eskaini nahi duten euskal etxe gehienek badute irakaslea, trebatua ala trebatze-bidean. Horrek, ikasle talde bat sortu orduko erantzuteko aukera ematen digu. Kontuan izan, Argentinan ia ehun Euskal Etxe daudela eta horietako erdietan euskarazko eskolak eskaintzeko moduan gaudela gaur egun. Aurrerantzean ere, euskara talde bat martxan jartzeko borondatea duen edonork egiteko baliabideak eskura izatea da etorkizuna. Ez dadila euskara ikasi nahi duen inor ikasi gabe gelditu ikastaro eskaintza beregana ailegatzen ez delako.
Aurten 20 urte bete ditugu. Urte osoan zehar hainbat ekintza antolatu dira lehiaketak, topaketak, jardunaldiak, erakusketak,... batzuk ludikoak eta beste batzuk helburu akademikoarekin. Euskal Astean leku berezitua izan du aurten Argentinan Euskaraz-ek. Egia da, urtetik urtera nabarmenagoa dela euskararen presentzia horrelako ospakizunetan, baina aurten ahalegin berezia egin da urteurrena ospatzeko. Horren berri zuzen eman duzue euskalkultura.com-en. Abenduaren 3an, Euskararen Egunaren inguruan antolatutako ospakizunekin jarri zaio txapela 20. urteurrenari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus