euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kimuak-eko 5 film labur Azulgo Jaialdi Cervanteszalean erakutsiko dira, ikurrina gizataldeen desfilean partaide

2024/11/07

Azulgo Gure Txokoak Kimuak-en katalogoko euskal film laburren selekzio bat proiektatuko du 18. Cervantino Jaialdian
Azulgo Gure Txokoak Kimuak-en katalogoko euskal film laburren selekzio bat proiektatuko du 18. Cervantino Jaialdian

PUBLIZITATEA

Azul, Argentina. “Ametsak eta ausardia” lelopean, 18. Jaialdi Cervanteszalea egingo da Azulen, azaroaren 11tik 18ra. Festival Cervantino-ren programazioaren barruan, hitzaldiak eskainiko dira hezkuntza-alderdi desberdinak ikutuz, hainbat diziplinatako artistak gonbidatuta eta jorratuko dira besteak beste arte bisualak, antzerkia, dantzak, musika, argazkilaritza, artisautza, zinema eta diseinua. Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxea Jaialdiko parte izango da, Euskal Herriko zinemagileek egindako film laburren selekzio batekin. Horrez gain, UCAk (Union de Colectividades de Azul) antolatutako gizataldeen desfilean ere hartuko du parte.

Pantailaratuko diren lanak, Kimuak egitasmoaren katalogoko bost film laburren selekzio bat da. Gogoratu Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren ekimena dela Kimuak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, eta Euskadiko Filmategia Fundazioa lankide, nazioartean euskal film laburren bidea sustatzeko eta banaketan laguntzeko sortua. Bost filmeon hautaketa Alejo Duclósek egin du, Azulgo zinemagilea berau, ekoizle, programatzaile eta zinema banatzailea. Saioa azaroaren 11rako iragarri da, 18etan, Flix Cineman, sarrera libre eta doakoa.

Hona Alejo Duclósek aukeratutako bost film laburrak:

  • Areka: 2017ko Atxur Animazio Taldearen animazio filma. Andoni Egañak Espainiako Gerra Zibileko desagertuen omenez egindako bertso bat antzezten du.
  • Gure Hormek: 'Las chicas de Pasaik' taldeak, Maria Elorzak eta Maider Fernándezek osatutako talde artistikoaren 2016ko dokumentala da. Film laburrak zinegileen gertuko senide batzuen bizitzak errepasatzen ditu hormen bitartez, baita bertan geratzen diren bizitzetako hondarrak ere.
  • Heltzear: Mikel Gurreak euskal gatazkari buruz 2021ean egindako bere ikuspegia eskaintzen duen fikziozko film laburra.
  • Cuerdas: 2022koa, Estibaliz Urresola Solagurenen azken film laburra, "azken bolada honetan espainiar zinemako lan garrantzitsuenetako bat bilakatu den '20.000 erle espezie' zuzendu aurrekoa
  • Beti Bezperako Koplak: 2016koa, Ageda Kopla Taldeko hogei artista gaztek partaide, genero indarkeria salatzen duen animazio lan kolektiboa.

Gure Txokoa Gizataldeen ekitaldian

Kimuak-en aurretik, 18. Cervantestar Jaialdiaren baitan, UCAk datorren igandean, azaroaren 10ean, kultur jardunaldi bat egingo du Italiako Filantropia Elkartean. Eduardo Agüero historialariak Azulgo immigrazioari buruzko hitzaldia eskainiko du eta Nicolas Cirigliano genealogistak lan genealogiko bat aurkeztuko du, ingurura etorritako herrialde guztietako familia immigranteen abizenak bilduz. UCAko kidea den Gure Txokoaren ordezkaritza batek Azulen finkatu ziren immigranteen kolektibitateen jantzi tradizionalen desfile musikatuan parte hartuko du, jantzi tipikoak jantzita, hauen ezaugarrien eta erabileraren berri emanez, ikurrina buru.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia