euskal diaspora eta kultura
2009/02/03
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Kultura Sailak zabaldutako oharrak dioenez, aurten 11. ediziora heldu den Kimuak egitasmoak berezko stand bat dauka Clermont-Ferrand-eko Azokan. Azken urteetako katalogoak erakusten dira hor, tartean Kimuak 2008 katalogoa ere. Iazko katalogo horretako film-laburrek 40 saritik gora lortu dituzte dagoeneko. Esan beharra dago, aurreko urteetan bezala, Zinema Jaialdi prestigiotsu honek euskal film laburren kalitatea errekonozitu duela, Alcala de Henaresen gertatu den bezala, hiri espainiar horretarako jaialdiak sari bana eman baitie lehiaketarako hautatu zituen Kimuak programako lau laburrei.
Esan nahi baita David Gonzálezen El tiempo prestado filmak Ciudad de Alcalá saria irabazi du, jaialdi horretako garrantzizkoena. Berbaoc lanak, berriz (Xabier Erkizia) soinu onenarena eraman du; On the Line filmak (Raúl López) muntaia onenari dagokiona eta Yo sólo miro laburreko protagonista, Susi Sánchez, aktore emakumezko onena hautatu dute. Aurten irabazitakoarekin, Kimuak programako film laburrek lortu dute, hiru urtez jarraian, jaialdi honetako sari nagusia, 2006an For(r)est in the des(s)ert (Luis Alejandro Berdejo) eta 2007an Traumalogía (Daniel Sánchez Arévalo) izenburuko filmek irabazi ondoren.
Zortzi laburrez osatua
Zortzi laburrez osatutako Kimuak 2008 Katalogoan, Gipuzkoan ekoitzitakoak nabarmentzen dira; izan ere, aukeratutako zortzi lanetatik zazpi Gipuzkoan egindakoak dira. Katalogoan sartutako zortzigarren lana, berriz, Bizkaian egina da. Kimuak 2008 katalogoak aurreko aukeraketen bide bera jarraitzea helburu izan duen arren, aurtengoan hainbat berrikuntza izan dira. Lehenik eta behin, katalogoan hiru genero handiak azaltzen dira lehen aldiz: fikzioa, animazioa eta dokumentala. Gainera, laugarren genero hibrido batek ere, dokumental faltsuak, lekua du aurtengoan.
Bestalde, Kimuak ekimeneko historian lehen aldiz, bi zuzendarik, Jon Garaño eta Raúl López donostiarrek, bina lan dituzte katalogo berean. Era berean, aurtengo katalogorako aukeratutako zuzendarien artean bik bakarrik hartu dute parte Kimuak programako beste edizio batzuetan; hain zuzen ere, 2006ko katalogoan sartutako David Gonzálezek eta 2007koan izandako Izibene Oñederrak. Horrenbestez, argi dago zuzendarien berrikuntza ziurtatuta dagoela. Generoei dagokienez, aurtengoan fantastikoa, drama eta dokumentala izan dira nagusi; azken kasu horretan, gainera, dokumental tradizionalak zein dokumental faltsuak dute lekua. Era berean, animazio esperimentalak eta literatur erreferentziek ere badute presentzia.
Dokumentala, drama, animazioa, irrealtasuna
Katalogoa irekitzen duen lana Jon Garañok Etiopian filmatutako eta Moriarti Produkzioak etxeak ekoitzitako Asämara dokumentala da. Film laburrari izenburua ematen dion hitzak «lan egitera bidali» esan nahi du etiopieraz eta, bertan, Afrikan lan egin beharrean aurkitzen diren haurren errealitatea aztertzen da, ikuspuntu bortitza, adeitsua edota errukiorra erabili gabe. Katalogoko bigarren lana Javi Alonso eta Raúl Lópezek zuzendutako eta Hernaniko La Burla Producciones enpresak ekoitzitako Autorretro drama zapaltzailea da; aurrez aurre dauden bi emakume dira laneko pertsonaia bakarrak.
Hirugarren film laburra Artelekun Vuk Jevremovic artista kroaziarrak koordinatuta eta Isabel Herguera donostiarraren partaidetzarekin burututako animazio tailer baten egindako Berbaoc da. Egileak José Belmonte, Gustavo Díaz, Irati Fernández, Izibine Oñederra eta Mercedes Sanchez-Agustino animatzaileak dira, eta lana Xabier Erkiziaren soinu konposizio batean oinarritutako esperimentazio askea da. Laugarren film laburra Aritz Moreno donostiarrak zuzendutako eta Donostia bertako Pok Produkzioak ekoitzitako Cotton Candy da. Julio Kortazar idazle argentinarraren No se culpe a nadie ipuinean era askean inspiratutako lana da; bertan, ipuinak berezkoa duen zentzugabekeria eta irrealtasun sentsazioa ematea lortzen du Aritz Morenok.
Dokumental faltsua, thriller fantastikoa...
Hurrengo film laburra On the line dokumental faltsua da –Asämara dokumentala bezala, Jon Garañok zuzendutakoa eta Moriarti Produkzioak etxeak ekoitzitakoa da–. On the line lanean, Nafarroako Errege Bardeak Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko muga bihurtzen dira; bertan, etorkin mexikarrek muga igarotzea galaraztea helburu duten boluntario armatuak aurkituko ditugu.
Bizkaian egindako lan bakarra David Gonzálezek zuzendu eta ekoitzitako El tiempo prestado da. Familia drama horretan, mugitzen ez den kamera bat hirugarren adinekoek etxebizitzetan dituzten mugikortasun arazoen lekuko da. Raúl López eta Gregorio Muro gipuzkoarrek elkarrekin zuzendutako eta ekoitzitako Tras los visillos thriller fantastikoa da. Tentsioz betetako gore ukituko istorio ilun batean, serieko hiltzaile bat, zain zirujau bat, adineko emakume kuxkuxero bat, izututako salatari bat eta adimen gutxiko sikario bat aurkituko ditugu.
Katalogoa ixten duen film laburra Gorka Cornejo donostiarrak zuzendutako eta Donostia bertako Koldo Zuazuak ekoitzitako Yo sólo miro da. Istorio goibel batean, adineko senar-emazte batzuen sekretu ez aitortuak ezagutarazten dira. Azken lan honek hainbat sari lortu ditu dagoeneko, tartean Elxeko Nazioarteko Zinema Jaialdikoa.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus