euskal diaspora eta kultura
2014/08/01
PUBLIZITATEA
San Frantzisko/Chino, AEB. Pozarren ageri da Etcharren Kiki Bordatxo berriz ere Kaliforniako oholtzetara igoko delako. “Musika talde onenetarikoa da. Gustatzen zait zeren eskual dantzak betiko moldean jotzen baitituzte eta horrelakoak ez dira anitz gure alderdian. Eskual Herritik etorriak garen asko gaude hemen eta indar bat egin dugu hau hemen ikusteko”, adierazten du. Baina gazteengan pentsatuta ere nahi du boskotea Kalifornian ikusi: “Biziki inportantea da gazteendako ere. Guk eginahala egiten dugu hemen euskal gazteei erakusteko baina ez baldin badute segitzen ahal, gaizki”. Horregatik uste du Etcharrenek euskal taldeak bertatik bertara ikustea garrantzitsua dela Ameriketako euskal belaunaldi berrientzat.
Euskal Herri osoko kantuak joko dituztela aurreratu du Etcharrenek, gauza garrantzitsua beretzat, euskal kanta eta dantzen aniztasuna erakutsiko dutelako. Bost aldiz jo dute dagoeneko Kalifornian, Etcharrenek azpimarratu duenez. “Harreman biziki ederra dugu beraiekin”, gehitzen du. Hotelean geratuko dira San Frantziskon eta euskaldunen etxeetan Chinora doazenean, azaltzen du. Hegaldiak erdibana ordainduko dituzte San Frantziskoko eta Chinoko Euskal Etxeek.
San Frantzisko
Agorrilaren 23an eta 24an izango da San Frantziskoko jaia. Lehen eguneko ekitaldiak, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan hasiko dira, bertako, Chinoko eta Bakersfieldeko pala eta eskupilota jokalarien partidekin. Aurten, jaietarako ez dute Euskal Herriko pilotaririk izango. Renoko Unibertsitateak kaleratu duen liburu berri baten aurkezpena egingo dute partiden ostean eta, gauez, goizeko ordu txikietara arte arituko da Kiki Bordatxoren dantzatzeko musika.
Igandean, ostera, Aita Lastirik emango duen goizeko mezarekin hasiko dute eguna, hiriko Elgarrekin abesbatza, klika eta dantza talde euskaldunak ere arituko direlarik. Zazpiak Bat dantza taldea ere jendaurreratuko da, gerora, Kiki Bordatxokoei bidea emanez. Barbakoan egindako ardikia izango dute jateko asteburuan zehar. Mila bat lagun batzea espero dute antolatzaileek.
Chino
Abuztuaren 30etik irailaren 1era arte ospatuko dute beren jaialdia Chinotarrek. Maite Maisterrena Euskal Etxeko ordezkariak buletin honi baieztatu dionez, larunbatean pilota partidak, afaria eta Kiki Bordatxoren emanaldia izango dute. Hiriko, San Frantziskoko eta Bakersfieldeko kirolariak arituko dira frontoian: umeak goizez, eta arratsaldez nagusiak. Hogei bat pilotari guztira.
Igandea erakustazokan igaroko dute eta, astelehena, atzera ere, Euskal Etxean. Pilotariak, euskal dantzak, jateko eta edatekoak eta euskal musika izango dituzte jaietan nagusi. 700 bat lagun espero dituzte, “San Frantzisko, Bakersfield, Los Banos eta abarretik etorriak ere”, Maisterrenaren berbetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus