Bakersfield, AEB. Egiazki Bakersfield-eko jende asko astindu eta hunkitu du herriko Noriega euskal ostatuaren itxierak. Gaur eta biharko iragarrita zegoen ostatu zaharreko barruko altzari, apaingarri eta eduki guztien salmenta, baina atzo tupustean bertan behera geratu zen. Geroztik jakin dugu, eta hala argitaratu zuen atzo bertan EuskalKultura.eusek-- Bakersfielden bestelako negozioak dauzkan herritar batek, Bill Osathanugrah-ek, erosi zituela Noriegaren izena eta likore lizentzia...
...eta baita eraikinaren barruko edukiak ere. Izan ere, Noriega zaharraren euskal estiloko jatetxea zabaltzekotan omen dabil bere alaba, ez bertan ordea, hiriko beste lekuren batean baizik, eta lokal bila ari da hain zuzen ere. Erosketa hori itxi baino lehenago, baina, euskaldunak eta Bakersfieldeko euskal ondarearen lagunak tarteko dituen herritar talde batek urrats garrantzitsu bat eman zuen Noriegaren legatua gordetzearren.
Herritar talde honek, Kern County Museoa ere lankide, salmenta kantzelatu baino ordu batzuk lehenago, doi-doi Noriegako barraren aurrealde eta atzealdea bereganatu ahal izan zuen, besteak beste "doaintza eskuzabal bat baliatuz", adierazi dute. Baina Noriegaren zati garrantzitsu hori desataldu, prestatu eta mugitzeak gastuak dauzka, 10.000 bat dolar. Eta leku aldatzea, ekainaren 30aren aurretik behar da egin. Bolondres vtalde bat bere denbora ari da ematen, baina dirua ere behar da operazio hau onik ateratzeko.
Lagundu eta doaintza bat egin nahi duenak, hona egin dezake:
The Noriega Bar Project
c/o Mike McCoy, Executive Director
Kern County Museum
3801 Chester Avenue
Bakersfield, CA 93301
Edo Euskal Etxearekin harremandu (Maria): mtoretta5@gmail.com.
Bolondres taldeko koordinatzaile dira Mike McCoy, Jim Underhill, Billy Underhill, Steve Bass eta Larry Errea.