euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kepa Junkera pantailetan berragertuko da urrian, 'Berpiztu' izen adierazgarriko liburu eta dokumentalean

2022/07/05

Kepa Junkerak hainbat kontzertu eta ekimen partekatu ditu Diasporan, AEBtik Hego Konoraino. Argazkian, Necochean bertako Osasuna zortzikotearekin
Kepa Junkerak hainbat kontzertu eta ekimen partekatu ditu Diasporan, AEBtik Hego Konoraino. Argazkian, Necochean bertako Osasuna zortzikotearekin

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Hiru urte eta erditik gora da Kepa Junkera (Bilbo, 1965) plaza publikotik desagertu zela. 2018ko abenduan, Belgikara biran joana zela --tartean Bruselako Euskal Etxea partaide kontzertu bat ematera-- istripu zerebrobaskularra izan zuen. Berri gutxi geroztik: Busturiako baserrian bere familiak lagunduta errekuperazioari ekin ziola baino askoz gehiago ez. Orain, ordea, 'Berpiztu' izenburu adierazkorreko dokumental batekin datorkigu, laster, Euskal Herriko udazkenean, urrian hain zuzen, estreinatzeko.


Berpizturen trailerra

'Berpiztu'k artistaren errekuperazio prozesua eta gainditze pertsonalaren istorioa jasotzen du. Filmarekin batera, izen bera daraman liburu bat ere argitaratuko da. Izan ere, liburua trikitilari bilbotarraren ekarpen berria da, bizitzeko eta borrokatzeko grina adierazgarri, eta artistak sorkuntza kolektiboaren tankera eman dio. Orain arteko bere ibilbide luzean zehar kolaboratzaile eta lankide izan dituen musikari eta adiskideetako andana polit bat bildu du partaide.

Ahalegintzearen emozioa transmititzea

'Berpiztu'ren zuzendari Fermin Aiok azaltzen duenez, filmak Junkeraren ibilbide artistikoa islatzea baino, musikariak bere errehabilitazio prozesuan transmititzen duen emozioa du helburu, bere ondarea ordenean jartzeko ahalegina, eta bere burua  berriz ere presente egiteko erronka. Trikitixa munduan zehar ezagutarazi zuen artistari omenaldia izateaz gain, eta musikariaren ondare kulturalaz haratago, filmak osasunari buruz ere hitz egiten du, dio zinemagileak. Alegia, "gaitasunak gauzatzen dituen eta bizitzaren gorabeherei aurre egiteko gauza den ongizate egoeraz”.

Izan ere, artistaren gaur egungo egunerokoa ere eta Junkerak gogor eta gogoz daraman borroka erakutsiko du dokumentalak. Lagunen sostenguz, Euskal Herriaz aparte, Katalunia, Galizia, Madril eta Portugalen grabatu da eta adiskide eta musikari erreferente askotako testigantzak jasotzen ditu: Ara Malikian, Santiago Auserón, Pablo Milanés, Pedro Guerra, Estrella Morente, Dulce Pontes, Joseba Tapia, Ibon Koteron, Motriku eta Sorgiñak taldearena, besteak beste.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia