euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kepa Junkera, Boisen grabaketak egiten: "Erabat harritu nau jendearen eskuzabaltasunak eta harrera onak"

2010/05/31

Kepa Junkera musikari eta trikitilaria
Kepa Junkera musikari eta trikitilaria

PUBLIZITATEA

Kepa Junkera Estatu Batuetan ari da bizitzen zenbait hilabetez, familia eta guzti, grabatzen, emanaldi batzuk eskaintzen eta datorren diskorako materiala prestatzen. Aurretik ere euskal diasporarekin aritu izan bada ere, oraingo egonaldia, Estatu Batuetan, bertako euskal komunitatea askoz hobeto eta sakonago ezagutzeko parada ari zaio ematen. Duela oso gutxi astebetez aritu zen lanean Boisen, hor ere materiala biltzen, grabatzen eta euskaldunekin harreman estuan. Karia horretara honako lerroak idatzi eta eman zituen argitara maiatzaren 20ean Deia egunkarian.

Kepa Junkera. Jatorria, erroak, partaidetza sentimendua gizakian sakonera handia hartzen duten gauzak dira. Guztiok sentitzen dugu zerbaiten partaide izateko behar larria, jatorri amankomuna eta sentitzeko eta bizitzeko modu bateko parte garela ere partekatzeko beharra. Baina pertsonak urrun joan behar duenean eta jaio den lekutik urrun dagoen toki batean segitu behar duenean bizitza, sentimendu honek indar handiagoz jotzen du bere arima, behartuz nolabait bere jatorriarekiko gosea ase dezaketen ekimenak garatzera.

Joan den aste osoan Idahoko Boisen egon naiz, grabatzen, jotzen eta honelako leku bat bihurtzen den jaiaz gozatzen. Eta, egiari zor, erabat harritu nau jendearen eskuzabaltasunak, gurbiltasunak eta eskaini diguten harrera onak.

Pena da Jaialdiraino ezin gelditu izana, Boiseko euskal komunitateak bost urtean behin ospatzen duen jaia baita, aurten uztailaren 26tik abuztuaren 1eraino egingo dena. 2005ean aiptu festa honek 30.000 pertsonatik gora bildu zituen. Bere baitan musika emanaldiak, euskal dantzak, herri kirolak, eta abar dasta daitezke, euren erroen inguruan biltzeko esparru bat nahi duten milaka jende batuz. Euskalduntasunaren egiazko festa bat milaka kilometroko distantzian.

Hauxe da gure etxetik urrun den jende honek gure jatorri bera bizitzeko duen modu pasionatua. Sentipen honek, urruntasunagatik edo gabeziagatik, inbiria sanoa eragiten dit barruan, euskal jatorriko hemengo gizon-emakumeek bizi duten hain sentsazio berezi eta bakarra bizi ahal izateagatik.

Hemen ez zaio inorri galdetzen euskal dantzak dantzatzen dakien, gure historia ezagutzen duen, gure hizkuntza dakien edota euskaldunen ondorengo den ere. Eskatzen den bakarra erabateko errespetua da, pasiorik handiena eta ilusiorik garaiena besteekin partekatzearren desberdin egiten dituen gauza, gauza euskaldunekiko maitasuna. Honela bizitzea, mailarik gorenean, xede izaten dut, eta Boisen bederen lortu dudala esan dezaket.

(erredakzioan itzulia; jatorriz gazteleraz Deian argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia