euskal diaspora eta kultura
2014/03/24
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. “Amerikanuak” Kepa Etchandy argazkilari baionarrak egindako argazki bilduma da. Liburua Roberto Landaburu idazle argentinarrari esker eskuratu ahal izango da Argentinan berak egin baitu Rosarioko AMALEVI argitaletxean ehun aleko tirada.
Liburuaren sorreraz, Landaburuk berak azaltzen duenez, “Keparekin (Etchandy) batera Iparraldeko herrixkak bisitatu nituenean berak erakusten zidan bereziki zeintzuk ziren Amerikanuen etxe eta baserriak. Argazkiak egin ahala, lekuen historiak kontatzen zizkidan eta nik pentsatzen nuen informazio hori ezin zela galdu. Horregatik animatu nuen liburua argitaratzeko. Eta azkenean egin du”.
“Amerikanuak” lanari dagokionez, euskarri nagusia irudiak badira ere, irudiak ulertzen laguntzen duten testuak ere dakartza. Hala ere, eta editoreak adierazten duen bezala, liburuaren asmoa ez da gaiari buruzko ikerketa sakona izatea: “XIX. eta XX. mendeetan Amerikara etorri zen euskal emigrazioarena oso gai garrantzitsua eta zabala da. Liburuak, ordea, argazkilari batek hartutako irudi –eta ahots- batzuk baino ez ditu proposatzen”. Jakina denez, Amerikanuen aztarnak bai Iparralde bai Hegoaldeko herrietan aurki daitezke.
Euskal Herriko standean aurkeztuko du Kepa Etchandyk “Amerikanuak” liburua apirilean hasiko den Buenos Aireseko Liburu Azokan (data baieztatzeke). Baina bere egonaldia aprobetxatuz beste ekintza batzuetan ere hartuko du parte argazkilari baionarrak, hala nola, maiatzaren 11an hiriburuko Mayo Etorbidean egingo den ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du’ jaialdian. Bere asmoa ere bada euskal etxe batzuk bisitatzea.
Kepa Etchandy-ren argazkiak ikusteko, klik hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus