euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kazetari proiekzio batek dioenez, euskal jatorriko Rafael Anchia ordezkaria Texaseko gobernadore izan daiteke

2008/01/23

Rafael Anchia politikari euskalamerikarra
Rafael Anchia politikari euskalamerikarra

PUBLIZITATEA

Texaseko Ordezkarien Ganberako hautetsia da Rafael Anchia eta zenbait analista politikoen apustuetan bere izena Dallaseko alkate bezala ageri da aspaldion (eta etorkizunera begira Texaseko Gobernadore kargua ere aipatzen dute batzuk). Anchia gaztea --39 urte baino ez ditu-- Floridan jaio zen, guraso euskaldunen semea. Datozen urteetan estatuko indar erabakigarria bilakatuko den komunitate latinoaren botoa bere alde izan dezake, bertako medioen esanetan. Hala balitz, Anchiak John Garamendi, Kaliforniako gobernadoreordea, edota John Bieter, Boiseko alkatea bezalako politikari euskalamerikarren pausoak jarraituko lituzke, alde latinotik.

Texaseko arena publikoan dabilen jatorri euskalduneko estatu ordezkaria da Anchia eta izena eta ospea biltzen joan da azken urteotan. Texas Monthly argitalpen prestigiotsuak argitaratu berria duen artikulu luze batean, bertako editore exekutibo eta analista ezagutua den Paul Burkak, Texaseko gobernadore --'lehenengo gobernadore latino'-- gisa aurkeztu du Anchia 2018ko hauteskundeak eta gero, lehenik Dallaseko alkatetzatik pasatu ondoren. Egitatea, estatuak datozen urteetan biziko dituen aldaketen barne kokatu du, zehaztu gabeko urte kopuru txiki bat gelditzen baita Texaseko hauteskunde gehiengoa angloen eskuetatik latinoenera pasatzeko, eta latinoen laguntzarekin eskuratuko luke Anchia demokratak hegoalde estatubatuarreko estatu garrantzitsu honetako gobernadoretza.

Momentuz dagoeneko 2005ean Texaseko Biltzar Legegileko --House of Representatives edo Ordezkari Ganberako-- Democratic Rookie of the Year (diputatu demokrata berri onena) aukeratu zuten Anchia eta 2007an Biltzarreko hamar onenen artean zegoen jada. Texas Monthly

aldizkariak urte hartako ordezkarien artean honela deskribatu zuen euskalamerikarra: 'Biltzar Legegilea baloreen burtsa izango balitz, bera Google izango litzateke. Gomendioa: erosi'. Orain ere 39 urte dituela estatutik kanpo ere lortua duen ospea azpimarratu ondoren, beraren aldeko apustua egiten segitzen du, Anchiak berak hala nahi badu, kritikatu ere egiten baitio joan den urtean Dallaseko alkategai izateko batzuk egin zioten proposamena baztertu izana.

Familia markinarra

Ia berrogei urteko abokatu honek harreman estua du familia aldetik euskal Diasporarekin. Artikuluak dioenez, 'bere aurrekariak bakarrak dira Texaseko esparru politikoan'. Izan ere, 'Texaseko lehenengo gobernadore hispano bilaka daitekeen pertsonak ez dauka mexikar edo ezta latino amerikar jatorria ere. Bere jatorria euskalduna da, bere familia Frantziaraino sartzen den Espainia iparraldeko lurralde autonomotik dator, mendetan separatismo haztegi izan den hortatik. Eskualdea ez zen sekula erromatarren eraginpean erori eta horregatik atxiki ahal izan zuen bere hizkuntza zaharra, nahiz eta egun bere populazioaren herenak bakarrik hitz egiten duen. Anchiaren aitak eta amonak hitz egiten zuten; Anchiak, ez', dio idatziak.

Artikuluak segitzen duenez, politikariaren aitonak, Claudio Anchiak, borroka errepublikarrekin egin zuen 36ko gudan, eta gudaostean Australiara emigratu behar izan zuen. Artzain bezala aritu zen eta familiari dirua bidaltzen bazion ere, ez zen sekula bueltatu. Anchiak berak Texas Monthly-ko analistari azaltzen dionez amona oso katolikoa omen zuen eta Elizari jarraituz frankismoaren alde jarri zen. Aitonak alde egin zuenean ostatu bat jarri zuen Markinan, familiaren sorterrian.

Ostatuan hazi zen Julio, Rafaelen aita. Gaztetan ikasketak utzi eta arazotan sartu zen. 'Agintariek atxilotu egin zuten, gaizkilea zela esanez eta jipoitu egin zuten', azaltzen du Anchiak. Orduan baina, eskolako entrenatzaile batek bere kargu hartu eta pilotan jokatzen erakutsi zion. 15 urterekin probintziako txapelduna zen Julio, eta Zaragozan eta Italian aritu zen, 19 urterekin Floridara eraman zuten arte.

Haurtzaroa Floridako Jai Alaietan

50. hamarkadan Florida pilotari munduaren hiriburua zen eta Euskal Herria, Mexiko, Kuba, Espainia eta Karibeko jokalari onenak aritzen ziren bertan. Giro honetan ezagutu zuen Juliok bere emaztea, Edurne, Justino Michelena pilotariaren alaba. Justino 36ko gudan kartografoa izan zen eta guda ostean Mexikora ihes egin behar izan zuen. Edurne Mexiko DFn jaioa zen. 1967an ezkondu zen bikotea eta Euskal Herrira bidaia egin zuten. Bertan, zeharka bada ere, Frankoren legeek eragina izan zuen Rafaelen sorreran, artikuluak dioenez: ama antisorgailuak erostera joan zenean han horrelakorik ez zutela saltzen esan baitzioten.

Rafaelek Miamin bizi izan zuen haurtzaroa, eta gaztelera ikasi zuen, nahiz eta bere aitaren hizkuntza euskera zen. Ama eskola irakaslea zuen eta Rafaeli ingelesa erakusteko ahalegin berezia egin zuen. Lau urterekin hasi zen Rafael frontoian pilotan jokatzen eta pilotari profesional bihurtzeko bidean zegoen Texaseko Southern Methodist University-k beka eskaini zionean.

'Aurkari beldurgarria' eztabaidetan

Texasen, Anchiak Antropologia, Latinamerikar Ikasketak eta Literatura Hispaniarra ikasi zituen. Ondoren, New Orleansen Zuzenbidea. Dallasera bueltatu eta abokatu bulego batean lanean hasi zen eta hantxe izan zituen lehenengo hartuemanak politikari eta legegileekin. 2000an sartu zen politika munduan Dallaseko Eskolen Zuzendaritza Batzordeko kide bezala. 2004an Biltzar Legegileko kide aukeratu zuten.

2006ean Anchiak Dallaseko alkatetzarako lehian sartzeko lehen proposamena jaso zuen bere alderdikideengandik, baina bigarren alaba jaio berria zuela eta ez zuen onartu. Biltzar Legegilean eztabaidetan 'aurkari beldurgarri' bat bezala nabarmendu da, Texas Monthly-ko artikuluaren arabera. Bere eztabaida bat Youtube atariraino heldu zen, errepublikar aurkaria bere onetik atera zuelako. Errepublikarrek paperik gabeko emakumeen haurdunaldiko laguntza murriztu nahi zuten eta eztabaidan Anchiak horrek 100.000 haur laguntzarik gabe utziko zituela onartuarazi nahi izan zion errepublikar diputatuari. Honek onartu nahi ez eta garrasika bukatu zuen. 'Ez duzu zertan oihurik egin behar nik entzuteko', erantzun zion Anchiak. 'Oihuka esateak ez du esan nahi diozuna ondo dagoenik'. Murrizketa proposamena atzera bota zuten errepublikarrek. Bideoa ikusgai dago, hemen.

Lotura interesgarriak

Artikulu osoa (ingelesez)
www.texasmonthly.com

Julio Anchia pilotariari buruzko artikulua
http://txikilike.blogspot.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia