Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Iparraldeko Euskal Irratiek saio berezi bat aireratuko dute abenduaren 25ean, Gabon Egunean, "Diaspora solas" izenpean, eta ondoren errepikaz 26an, mundu osoko euskal diasporako zenbait lagun gonbidatuz. Ordubete inguruko saioan parte hartuko dute Estatu Batuetatik Kattalin Caminok (Nevada) eta Jean Flesher-ek (Utah), baita ere Ainhoa Añorgak (Alemania), Joxe Albaro Fdez.Oihartzabalek (Ekuatore Ginea) eta Marcela Indak (Argentina).
Saioa Irulegiko Irratitik ekoitzi da eta Mattin Lerissa esatari gaztea ukanen du koordinatzaile eta gonbidatuen solaskide. Bost gonbidatuak Diasporako euskaldunak dira: Kattalin Camino, Jean Flesher eta Marcela Inda euskaldunen ondoko han berean jaioak eta euskara atxiki, edo ikasi eta atxiki dutenak; eta Ainhoa Añorga eta Joxe Albaro Fdez. Oiartzabal Euskal Herrian jaioak, baina bizpahiru hamarkada daramatenak egun bizi eta bertakotu diren herrialdean.
Bakoitzak bere bizitza aipatuko du, azaldurik nolakoa den sasoi berezi hau, Eguberria eta Urte Zaharra eta Urtats, etxean eta komunitatean, eta oro har bizi diren lekuetan.
"Diaspora solas" abenduaren 25ean emitituko da, Eguberri egunean, goizeko 9:00etan; eta biharamunean errepikatuko, eguerdian, 12:00etan; eta 21:00etan. Elkarrizketak aldez aurretik grabatu izan dira.
Diasporatik ere segitu ahal izango da, online:
- Euskal Irratiak-en webgunean, zuzenean
- Irulegiko Irratia-ren webgunean, zuzenean edo grabaturik (eman ondotik), deskargatzeko aukerarekin