Joseba Etxarri. Erraza da berarekin mintzatzea, baina ez soilik berez honela delako, baita ere Estatu Batuetako euskaldunen lau hizkuntzak menperatzen dituelako baizik, euskara eta ingelesarekin batera frantsesa eta gaztelania ere menperatzen baititu jatorri baxenabartarreko gurasoen alaba den wyomingdar honek. Wyoming-eko Buffalon duela 50 urte jaioa, emakume euskalamerikar honek jakin izan du bere aurrekoengandik jasotako euskal tradizio petoari eutsi eta eguneratu eta aberastea, Euskal Herritik zein Diasporako gainerako lekuetatik Renoko Euskal Zentro eta Liburutegira datozen ikertzaile eta akademikoen zerbitzura ipiniz. Barnetik ezagutu eta bizi du euskal diaspora, eta tradizio horretatik errezibitzen ditu Renora hurbiltzen diren herrikide eta euskaltzaleak oro.
-Nolakoa da Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroan lan egitea?
Edozein euskaldunentzat eta euskal gauzetan areago joan, sakondu eta gehiago jakiteko nahikeria izan dezakeen edonorentzat luxu bat da. Hemen daukagun liburu eta bestelako dokumentu eta material bildumak, eta mundu osoko ikertzaile eta ikaslariek bertako fondo eta artxiboak baliatuz egiten dituzten lanek oso giro aberats eta interesgarria sortzen dute. Merezi du hor egon eta hori partekatzea. Asko ikasi dut hemen nagoenetik eta bestela sekula ezagutuko ez nukeen hainbat jende interesgarri ezagutu ahal izan dut, akademia munduko izen handietatik orokorrean kultura edo politika arlokoetara. Zinez, pribilegioa da honelako leku batean aritu ahal izatea.
-Nola aurkeztuko zenituzke Renoko Euskal Ikasketa Zentroa eta Liburutegia?
Zentroa 1967an sortu zen eta bakarra da munduan bere ezaugarrietan. Euskal Liburutegiak 50.000 liburu eta dokumentutik gora dauzka eta Estatu Batuetako unibertsitate liburutegi sistemako parte da. Urtero bekadunak eta ikerketa lanetan dabiltzan edo euren tesia gauzatzen ari diren dozenaka pertsona errezibitzen ditugu, euskal kulturaren edozein arlotakoak eta baita ere Euskal Herriko unibertsitateetako ikasle eta irakasleak beste edozein gai lantzen. Guztientzat saiatzen gara izaten baliagarri eta lagungarri. Zentroak doktoretza sustatzen du, hemen Ph. D. deitzen dena, Euskal Ikasketetan eta berripaper bat plazaratzen dugu gure jardun guztien berri emanez. Liburuak ere argitaratzen ditugu euskal gaiez ingelesez, izan berez ingelesez idatziak ala ingeleseratuak. 2007tik hona gure egoitza Mathewson-IGT Knowledge Center delakoan dago, eraikin adimentsua eta lan egiteko erraztasun eta baliabide modernoenak dituena.
-Datorren urte honetan Amerikanuak liburua argitaratu zeneko 40. urtemuga beteko da. Renoko Euskal Ikasketen testuinguruan, bertako emaitza legez plazaratu zen, euskal diaspora ikasketei oinarri zabala emanez.
Betidanik izan dugu lokarri sendo bat Nevadarekin, Estatu Batu Mendebalde osorako emigrazioarekin eta orokorrean euskal diasporaren munduarekin. Amerikanuak 1975ean plazaratu zuen hogeita hamar urtez CBSko zuzendari izan zen William Douglass-ek, berak eta Jon Bilbaok, eta Jon Bilbaok hemengo Liburutegia abiatu zuen, handik urte batzuetara, 1994an, zenduko bazen ere. Zeuk esan bezala 40 urte pasatu dira eta liburuak segitzen du oinarrizko irakurketa izaten euskal diasporaren esparruan hasi nahi duten guztientzat.
-Reno euskal etxe baten egoitza ere bada, Zazpiak Bat Basque Club du izena eta zeu bertako lehendakari izandakoa zara. Eta hala izan zinen lehenago ere zeure sorterrian, Buffalon, hango Big Horn Basque Club-en.
Zazpiak Bat-eko kide naiz 1997an Buffalotik hona aldatu nintzenetik. Han eta baita hemen ere ohoratu naute ni lehendakari hautatuz behin baino gehiagotan, eta koordinatu izan dut baita ere Buffaloko Zaharrer Segi dantza taldea eta hemengo Zazpiak Bat Basque Dancers, hogei bat urtez biak batuta. Umetandik bizi izan ditut etxean euskal kultura, ohitura eta moldeak eta nere egin ditut. Gaur egun bi euskal etxe horietako kide izaten segitzen dut, nahiz eta une honetan ez naizen batzordeko kide, baina nire bi alabak, Ezti eta Oihana, badira Zazpiak Bat-eko dantzariak.