euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Katarainek salatzen segitzen du eta Jaurlaritzak konfidantza berretsi dio Kolonbiako bere ordezkariari

2011/05/27

Bogotako Euskal Etxeak Kolonbiako hiriburuan daukan egoitzaren kanpoko irudia (argazkia EuskalKultura.com)
Bogotako Euskal Etxeak Kolonbiako hiriburuan daukan egoitzaren kanpoko irudia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ez dago batere argi noraino hel daitekeen elkarri mokoka aritze hau, baina egia dena da, b este urrats batean Bogotako Euskal Etxeko lehendakariorde den Jose Vicente Katarainek gutun ireki bat bidali diola lehendakariari --EuskalKultura.com-i eta beste hedabide batzuei ere bidali digu--, aurretik salatutakoa berriro salatuz eta ikerketa bat eskatuz Euskadiren Kolonbiako ordezkari den Iñaki Martinezi buruz. Bere aldetik, Jaurlaritzak, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren ahotik, berretsi egin du bere erabateko konfidantza Martinezengan, eta honek, aldi berean, Kolonbiako euskal gizataldeko berrogeita hamarretik gorako kideren sostengu idatzia jaso du, euren artean herrialde honetan oihartzun eta historia sendoa daukaten izen eta deiturak daudela.

Bogota, Kolonbia. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Guillermo Echeniquek berretsi egin du joan den asteartean Legebiltzarrean eginiko adierazpenean Jaurlaritzak erabateko sostengua ematen diola Bogotatik Iñaki Martinez Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako Euskadiren ordezkaria egiten ari den lanari. Lakuatik eman diren azalpenek diotenez, Bogotako Euskal Etxetik eta Emprebask-Kolonbiatik ekimen ekonomiko pribatuak garatzen dira eta Euskadiren Ordezkaritzatik ezin dute utzikeriaz jokatu euren eginbeharrekin eta ezin dituzte beste inoren esku utzi, are gutxiago irabazteko asmoa dauka(te)n erakunde edo elkarteen esku, hauxe baita Ordezkaritzari eskatu zaiona, iturri ofizialetatik esan denez.

Iragan asteartean bertan, Guillermo Echeniquek Legebiltzarrean egin zuen agerraldiarekin bat eginez denbora aldetik, Jose Vicente Katarainek Lehendakariari zuzendutako gutun irekia helarazi zion EuskalKultura.com-i, eta beste komunikabide batzuei, Kolonbiako euskal ordezkariaren aurka egindako salakuntzak errepikatuz.

Bogotako Euskal Etxearen paper ofizialean, Euskal Etxeko lehendakariordeak bera buruorde den etxeko kide bati egozten dio -- hura "PSErekiko sinpatiadun" eta Martinezen laguna dela dio-- Euskadira bidaiatzea eskaini izana Gaztemundu programa barnean eta Euskal Gizataldeen Munduko Batzarrera, Katarainek "prebendak ematea" deitu izan duen ahalegin batean, honelakoak"soilik Kolonbiako Ordezkaritzak" eman ditzakeen gauzak direlarik, edota finean Eusko Jaurlaritzak.

Aurretik esandakoekin segitzen du, berriz ere salatzen baitu Bilboko Arte Ederretako Museoak Euskal Etxea Bizkaiko hiriburuan irekiko den Kolonbiako Urrearen Museoaren erakusketatik baztertu izana, neurri hori Iñaki Martinezek mugitutako hariei zor zaiela esanez, berretsiz horrek antolatuta zeukaten Euskal-Kolonbiar Aste bat bertan behera utzi behar izana ekarri ziela; eta arazo diplomatiko bat ia sortu izanaz ere salatu du Martinez, ustez Eusko Jaurlaritzaren izenean bisitatu baitzuen 2010eko hauteskunde-kanpaina garaian egun Kolonbiako presidente eta orduan hautagai zen Juan Manuel Santos, hari bere sostengua emateko, eta beraz, beste herrialde baten barne aferetan sartuz, Katarainek salatzen duenez; eta gaitzetsi egiten du baita ere Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia bildu ez izana Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordearekin duela gutxi Bogotara egin zuen bisitan; honetaz guztiaz ikerketa irekitzea eskatu du, besteak beste.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia